Polizia-, epaitegi- eta hedabide-muntaiei ez! Horixe aldarrikatuko dute Madrilen larunbatean, Altsasurekin elkartasun plataformak deituta. Altsasuarrak manifestazioan izanen dira. Mobilizazioan parte hartu nahi duenak autobusez joateko aukera izanen du. 13:00etan abiatuko da autobus geltokitik eta Madrildik buelta 21:00etan eginen du. Autobusean izena eman nahi dutenek Biltoki eta Lezea tabernetatik pasa beharko dute eta 20 euro ordaindu (ogitartekoa barne).
Altsasukoaren moduko kasu gehiago daudela gaztigatu dute Madrildik: 2011ko pentsionazoko absoluzioa, Pregoiko 3en absoluzioa, Adriel denok gara, Gamonalgo batzarra, La Haineko Boro, Cuencako Cuatro Caminos kasua, Bartzelonako F4ko kasua, meatzarien martxako kondenatua, Logroñoko 14Nko ez-kasua, Nestorren babeserako taldea, Garden guraso elkartea, Araña operazioa, 13 arrosa zentro sozialaren absoluzio plataforma, Alfonen askatasunaren aldeko plataforma, Ismaren askatasunaren aldeko plataforma, ICEko 6ren aldeko plataforma, titiriteroak, Alcorcongo bostak eta Dueroko bostak. Makina bat kolektibok eta erakundek bat egin dute manifestazioarekin eta muntaien kontra egiteko manifestazioan parte hartzera deitu dute.