Altsasuko EH Bilduko udal taldeak bere bozeramaile Arantza Bengoetxearen bidez jakinarazi du Haizea Ramirez de Aldak Euskara Batzordearen lehendakaritza utziko duela. Bengoetxeak azaldu duenez, “Euskara Batzordean hasiera batean eskainitako konfiantza praktikan ukatu egin digu alkatetzak”. Udalak Euskara Batzordearen lehendakariaren irizpideen kontrako erabakiak hartu dituela argudiatu dute EH Bildutik.
Horren adibide gisa aurtengo Plantilla Organikoan egin berri diren aldaketak jarri dute. Erabaki horrekin “euskararen normalizazioan atzerapauso handia” eman dela uste dute koalizioan. Koaliziotik salatu dutenez, “batzordeko lehendakariaren bizkarrean ere hartu dira akordioak hainbat unetan”. Bestalde, Geroa Baik “proposamena egiteko eta adosteko garaian EH Bildurekin ez du kontatu, zuzenean beste alderdiekin egin ditu akordioak (PSN batez ere)”. Bengoetxeak esan duenez, “hori larria eta salagarria iruditzen zaigu. Zergatik utzi Euskara Batzordea EH Bilduren esku gurekin adosteko asmorik ez bazuen?”
Alkatetzaren jarrera “ulergaitza” egiten zaiela nabarmendu dute. Eta Euskara Batzordean “ematen den egoera ezin dugu onartu. Ezin dugu lehendakaritzan egon udalak euskararen normalizazioaren kontrako erabakiak hartzen dituen bitartean”. Lehendakaritza utzita ere, “altsasuarron hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskararen normalizazioa lortzeko lan egiten jarraituko dugu”.
Hiru lehendakaritza
Hauteskunde ondorengo hizketaldien ondoren alkateak EH Bilduren esku Euskara, Emakumea eta Berdintasuna eta Gizarte Ongizate Batzordeen lehendakaritza utzi zuen.