Sakanako euskal hiztun berriak eta mintzakideak omentzeko aurreneko esperientzian, joan den urtean, ehun pertsona elkartu eta gero, bueltan da eLe festa. Sakanako AEK-k, Mintzakide programak eta Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak antolatuko dute, eLe festa. Biharko ekitaldian ibarreko euskal hiztun berri eta Mintzakiden luze aritu diren sakandarrak omenduko dituzte. 10 guztira (omendu gehiago zeuden, baina ezin zuten egon).
Horrela, Sakanako euskaldunen komunitatea zabaltzeko eta handitzeko egin duten ahalegina aitortu nahi zaie, eta opari batekin saritu. Opari hori, aurretik euskaldundutako sakandar batzuek emanen diete, horrela ibarreko euskaldunon komunitatera hiztun berrien etorrerak etenik ez duela irudikatuz. Omenaldiaren ondorengo mintzodromoan izanen da hori, elkarri hitz eginez, elkarri euskara oparituz. Hala, hiztun berriek euskarazko komunitateko kide berriak ezagutu eta haiekin praktikatzeko eta haien babesa jasotzeko aukera aparta izanen dute. Gainera, gurasoak direnek ez dute aitzakiarik izanen, haien txikiak haurrendako txokoan ongi zainduak izanen direlako. Omenaldi-ospakizunari bukaera emateko, auzatea eginen da.
Izenaz
Hitzaren sinonimoak dira elea eta berba. L maiuskula, berriz, ibilgailuaren gida baimena atera berri duten gidarien autoetan ikus daiteke. L horrek gidari horiek praktikatzen hasi berriak direla adierazten die errepidean diren gainerakoei. Euskaldunen bide berrira sartu diren hiztun berriak, praktikatzen hasi diren horiek dira, hain zuzen ere, eLe festaren ardatza. Izan ere, praktika eta ospakizuna uztartzen ditu ekitaldi horrek, euskal hiztun berri horiek erdigunean jarriz. Euskara praktikatu eta bizi Sakanan! leloarekin, euskal hiztun berri horien ahalegina aitortu eta euskal hiztunen komunitatera ongietorria emanen zaie.
Ospakizuna Altsasuko Gazte Asanbladak antolatzen duen Euskal Festaren barruan izanen da. Hura, Guaixe fundazioa, Altsasuko Udala eta Aizpea euskara elkartearen laguntza izan dute antolatzaileek. Guztiek ere larunbateko omenaldira joateko gonbidapena egiten die altsasuar eta sakandar guztiei.
Bazkaria
eLe festa baliatuz Sakanako Mintzakide programatik parte-hartzaile guztiei bazkaltzeko gonbidapena egin zitzaien. 20 bat altsasuar Zubiondo elkartean bazkaltzera elkartuko dira bihar.