Esnetarako Ardi Latxako Dinamizazio Plana garatzeko aurreneko Lan Jardunaldia eginen da Altsasun. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilari Isabel Elizaldek esan duenez, “sektore eragile guztiekin prozesu parte-hartzaile eta lankidetzakoa hasteko helburua” dute. Asmo horrekin Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza elkar lanean ariko direla iragarri du, “esne ardiaren sektorea mantendu eta garatzearen alde egiten dugu, gure lurraldeendako hain garrantzitsua izanik, ikuspegi ekonomikotik zein sozialetik eta ingurumenekotik”.
Altsasuko jardunaldiak “elkarrekin lan egiteko aukera emanen digula, sektorearen egoera ezagutzeko eta diagnostikatzeko, eta sektore estrategiko horren etorkizuna bermatzeko planteamenduak egiteko” balioko duela uste du Elizaldek. Jardunaldian sektorearen arlo guztiak aztertzeko sei lan mahai osatuko dira: ekoizpena; eraldaketa; komertzializazioa; balio katea, marjinen banaketa; ekintzailetza, belaunaldi erreleboa eta emakumeak sektorean eta kalitate markak. Erronkari eta Idiazabal jatorri izendapenei buruzko hausnarketa sektoriala eginen dute. Bukatzeko, aurrera eman beharreko pausoak zehaztuko dituzte.