Altsasuko Alde Zaharren festetako jai giro bikainean, eta herri bazkarian bapo bazkaldu ondoren, Burunda pilotalekuko bidea hartu zuten altsasuar askok. Izan ere, Altsasuko Gazte Asanbladak Pilotajauku klubaren laguntzarekin antolatutako III. Bikotekako Pilota Goxua Txapelketako final handiak jokatu ziren. Martxoan hasi zen harrera bikaina daukan txapelketa eta astebururo giro polita izan da Burunda pilotalekuan.
Giro ederra izan zen finaletan, trikitixa lagun, eta pilota zaleek apustuak egiteko aukera izan zuten. Espetxean dauden Adur, Oihan eta Jokin gogoan izan zituzten bildutakoek eta, bukaeran, txapelak eta sariak jaso zituzten finalistek. 3. mailan Alegria eta Gartziandia, 2. mailan Aiestaran eta Beloki eta lehen mailan Lopez de Zubiria eta Gartziandia gailendu ziren eta eurek jarri zituzten txapelak.
III. Bikotekako Pilota goxua Txapelketako finalak
3. maila: Galarza-Mintegi 14 / Alegria-Gartziandia 18
2. maila: Gereñu-Tuero 9 / Aiestaran-Beloki 18
1. maila: Senar-Alustiza 14 / Lopez de Zubiria-Gartziandia 18