Burundar Txistulariak, 10 urtez jo ta ke

Guaixe 2017ko mai. 12a, 12:30

Larunbatean, 20:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean. Gure Esku Dagoren abestiaren txistu, metal eta ahotserako kantuaren moldaketa mustuko dute bihar.

Burundar Txistulariak taldeak prestatu duen bosgarren kontzertua izanen da biharkoa. “Hasieran errazak ziren, baina orain ur handitan sartu gara: abeslariak, bateria, pianoa, bluesa, rock and rolla… Saltsan. Leporaino, baina oso gustura”. Juan Pablo Urizarrena da azalpena. Txistulariek hainbat kolaboratzaile izanen dituzte, oholtzan 30 bat musikari elkartuko dira.

“Une atsegin batez gozatu nahi duen edozein adineko publikoarendako da emanaldia”. Euskal dantzak (Etorkizuna), dantza garaikidea (Dantzarima), kantua (Flores ahizpak), metal boskotea, bateria, baxua, txistu eta pianorako bi, rock and roll bukaera duen bluesa… “kontzertu anitza izanen da. Joan den mendeko 40ko hamarkadako musiketatik aurrera daude errepertorioan”. Horregatik, Urizarrrek denetariko publikoa espero du. “Askok errepikatzen dute”. Eta, modu batera edo bestera, emanaldian Esther Irisarri zena presente egonen da.

10 urte
Urizarrek azaldu digunez, “sortzeko aitzakia tristea izan zen. Gure lagun, kide eta denetarikoa zen Estherri omenaldia egiteko elkartu ginen. Dagoen tokitik bulkada eman eta gidatzen gaitu”. 12-14 bat elkartu ziren eta entseatzen segitzea erabaki zuten. Orduz geroztik batzuk joan dira, joan-etorria egin dutenak ere badaude, guraso izan dira batzuk, ikastera edo lanera kanpora joan dira…  “entsegura etorri ezin direnak utzi dute. Baina jende berria sartu da eta kopuru berean mantentzen gara”. Hasieratik Rafael Goñik, Patxi Goikoetxeak eta Urizarrek berak eusten diote.

Urizarrek nabarmendu duenez, “guztiendako zabalik dagoen taldea da. Gurekin jotzera, gozatzera etorri nahi duenak atea zabalik du. Erritmo, kanta berriak, politak… Orain gozatzen ari gara, taldeaz eta musikaz”. Musika eskoletako ikasleendako eta txistua jotzen dakiten gaztetxoendako erreferentea izan nahiko luke Burundar Txistulariak. “Txistua ez dadila soilik eskolan jotzea izan. Eta kontserbatorioko jendea etorriko balitz, hobe, haiengandik ikasiko genuke ziurrenik”.

Txistua kalearekin lotu izan dugu denok, festa girokoa eta kalejiretakoa. “Baina txistua ganbera kontzertu batean eta beste hainbat modutan jo daiteke. Hori aldarrikatzen dugu guk”. Haien kontzertuarekin harritu den bat baino gehiagoren berri badu Urizarrek. “Aurrera egin behar da beti. Festa giroko txistuak egon behar du, baina txistua eta musika beste arlo edo testuinguru batzuetan adierazi beharra dute”.

Egitaraua
Pieza                                             Egilea
Eguzkia nora                             Onraita. Mold. Luis Aranburu
Rapsodia vasca                         Victor Zubizarreta
Kale nagusitik                           J. Etxeandia
Minueto                                   Raimundo Sarriegi
Burundarrak (fandangoa)          Karlos Sanchez Ekiza
Burundarrak (arin-arin)             Karlos Sanchez Ekiza
Durango blues                          Karlos Sanchez Ekiza
Haize hegoa                             Herrikoia
Kwai ibai gaineko zubia             Malcolm Arnold
Azken dantza hau                     Pantxoa eta Peio. Mold. Karlos
Gure esku dago                        Uribe, Elorrieta eta Junkera. Mold. Karlos
Momotxorroen dantza               Herrikoia/ Zelaia. Mold. Karlos
Deba                                       Pablo Sorozabal