Altsasuarrak sei hilabete preso

Guaixe 2017ko mai. 12a, 11:15

Gazteen askatasuna eta muntaiak gelditzea eskatu zuten Madrilen larunbatean.

Haien askatasuna aldarrikatzeko manifestazioa eginen da igandean, 13:00etan, kultur guneko zabalgunetik abiatuta.

Ferietan taberna batean izan zen liskar batek Altsasuren ondorena markatu du. Tabernako beste liskar bat litzateke tartean Guardia Civilak ez baleude, haietako bat operatu ez balute, Covite sartu ez balitz eta zenbait hedabidek elur bola bat abiarazi ez balute. Espainia guztiko hedabideetan izan zen kasua hainbat astez. Haietako askok herriaren izena hankapean nola erabili zuten ikusteak altsasuarrak mindu zituen. Eta altsasuarrena sumina bihurtu zen beharrezkozat jotzen ez zituzten atxiloketa batzuk izan zirenean. Jakin baitzekiten gazteak euren borondatez auzitegira deklaratzera joanak zirela.

Azaroaren 14tik, Guardia Civilaren sarekadatik, 6 hilabete beteko dira igandean. Sarekadan atxilotutako 9etatik 6k preso bukatu zuten. Zazpigarren bat ere sartu zuten kartzelara. Urte erdi eta gero haietako hiru gaztek preso segitzen dute Madrilgo Soto del Real espetxean. Liskarragatik zortzi gazte daude auzipeturik. Madrilen epaituz gero, Zigor Kodeko 573 bis artikuluaren arabera, 10 eta 15 urte arteko espetxe zigorrak jaso ditzakete. Sarekada gogorarazteko hilabete guztietako 14. egunean mobilizazioak egin dira Altsasun. Oraingoan “zentzugabekeria horren kontrako” manifestazioa eginen da. Auzipetuen guraso eta lagunek, beste behin, altsasuarren eta sakandarren babesa espero dute, “egoera anker honi erantzuteko”.  

Kronologia
2016-10-15 Goizaldean Guardia Civilen, haien bikoteen eta gazteen arteko liskarra izan zen.
2016-10-17 Atxilotutako bi gazteak Mari Paz Benito epailearen aurrean deklaratu zuten.
2016-10-18 Covitek Espainiako Auzitegi Nazionalean salaketa jarri zuen.
2016-10-22 Muntaia eta hedabide batzuen trataera salatzeko manifestazioa. Covitekoak hasieran.
2016-10-26 Bost gazte Iruñeko epailearen aurrean deklaratzera joan ziren. Ez zegoen.
2016-10-27 Guardia Civilaren txostenak ez du terrorismo zantzurik ikusten.
2016-10-28 Beste bi gazte Iruñean deklaratzen saiatzen dira. Asmoa adieraziz agiria sinatu zuten.
2017-11-07 Falangeren mehatxu pintada Koxka tabernan.
2016-11-09 Iruñeko 3. Instrukzio Epaitegiaren inhibizioa, Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku.
                  Espainiako Auzitegi Nazionaleko Carmen Lamela epaileak beretako eskatu zuen kasua.
2016-11-10 El Mundok altsasuarren izen abizenak argitaratu zituen, adin txikikoenak barne.
                 Batzuek hala  jakin zuten inputatuta zeudela.
2016-11-14 10 gazte altsasuar atxilotu zituzten Espainiako Auzitegi Nazionalaren agindurik gabe.
     Atxiloketen kontrako manifestazio jendetsua.
2016-11-15 Nafarroako Gobernuak atxiloketak ez zirela beharrezkoak adierazi zuen.
                  Atxiloketak salatzeko manifestazioa.
2016-11-16 Altsasuko Udalak azaroaren 26rako manifestazioa deitu zuen.
                  Madrilen deklaratu ondoren beste gazte bat kartzelara. Zazpi guztira.
2016-11-19 Manifestaziora deitzeko prentsaurreko handia.
2016-11-21 Nafarroako Parlamentuak atxiloketak errefusatu zituen.
2016-11-26 20.000 bat pertsona elkartu ziren manifestazioan.
2016-12-02 Auzipetuen gurasoak Nafarroako Parlamentuan azalpenak eman zituzten.
2016-12-14 Hilabete preso. Salatzeko Burunda frontoia bete zuten.
2016-12-20 Lau gazte aske utzi zituzten.
                  Auzipetuen gurasoak Espainiako Kongresuan hainbat taldeetako ordezkariekin bildu ziren.
                  Auzipetuen etxeetaraino giza katea.
2016-11-21 Askatasuna eskatzeko ostiraleroko kontzentrazioak hasi zituzten.
2017-01-07 Atxiloketen ondorengo herri batzarrean parte hartzeagatik 10 isun iritsi ziren.
2017-01-08 Altsasukoen askatasuna eskatzeko kontzentrazioa Madrilen.
2017-01-21 Elkartasun bazkariak Altsasuko elkarteetan.
2017-01-26 Herri asanbladak auziari buruzko maiatz arteko hitzaldi bira aurkeztu zuen.
2017-01-27 Manifestuaren Sakanako aurkezpena.
2017-01-28 Soto del Real espetxera martxa.
2017-01-31 Lege arloko profesionalen manifestuaren aurkezpena.
2017-02-02 Manifestuaren aurkezpena Iruñean. 130 pertsona ezagunen sinadurarekin hasi ziren.
                  Nafarroako Lurralde Auzitegiak defentsaren helegitea aztertzen hasi zen.
2017-02-13 Bi adin txikiko deklaratzen izan ziren Madrilen.
2017-02-14 Argi itzalaldia hiru hilabeteko espetxeratzea salatzeko.
2017-02-16 Nafarroako Parlamentuak gorteei Zigor Kodeko 573. artikulua aldatzeko eskatu zion.
2017-02-22 Altsasuko Udalak hiru gazteen askatasuna eskatu zuen.
2017-02-24 100 egun preso, salaketa kontzentrazioan 2.000 pertsona Iruñean.
2017-03-07 Gazte baten auzipetzea baliogabetua. Auzian 8 daude, bi adin txikiko.
2017-03-08 Bi asteroko kontzentrazioak egiten hasi ziren Iruñean.
2017-03-14 Kazolkada 4 hilabeteko espetxealdia salatzeko.
2017-03-22 90 diputatuk eta senatari inguruk adierazpen bateratua aurkeztu zuten.
2017-03-23 www.altsasugurasoak.com web orrian manifestua sinatu daiteke.
2017-03-24 Nafarroako Lurralde Auzitegiak helegitea onartu eta Iruñean epaitzea eskatzen du.
2017-04-05 Hiru presoen askatasun helegitea atzera bota zuen Espainiako Entzutegi Nazionalak.
                  Gurasoak azokan sinadurak biltzen hasi ziren. Hiru asteazkenetan izan ziren.
2017-04-14 Kontzentrazioa 5 hilabete preso zeudela salatzeko.
2017-04-15 Futbol 7 txapelketa.
2017-04-28 Kulturaz Aske asteburua hasi zen.
2017-05-03 Manifestuak 18.000 sinaduren babesa zuen.
2017-05-06 Muntaien kontrako manifestazioa Madrilen.