“Bizitzen ari garen injustizia honen aurrean beste behin, eskerrik asko”

Guaixe 2017ko mai. 14a, 15:45

Igandean urte erdia bete zen Guardia Civilak Altsasun sarekada egin zuela. Zazpi gaztek espetxean bukatu zuten eta ordutik han dira Jokin, Adur eta Oihan. “Haiekin batera beste 5 auziperatu zentzurik gabeko epaiketa baten zain daude; beste bi adin-txikikoek etorkizun zalantzagarria dute aurrean”. Preso daudenen askatasuna aldarrikatzeko mobilizazioa handi hartu zuen Altsasuk berriro.

Manifestazioaren akaberan presoen egoera laburbildu zuten: “6 hilabeteko zigorra beren lagun, familia eta ikasketengatik 500 kilometrotara, euren herritik 500 kilometrotara. Urte erdi erregimen anker baten pean,  FIES bezala izenpetuak, komunikazioak kontrolatuta, dispertsatuta, modulu aldaketak denbora gutxian behin, euren artean banatuak, bisitetan trabak, senide eta bikoteei bisitak debekatzeraino”.

Nabarmendu nahi izan zuten “operazio hartarako dena ondo prestatu zutela,  polizia-muntaia, operazio politikoa eta gezur zein informazioaren manipulazioa. Faltsututako errealitate bat saldu nahian jarraitzen dute, baita konturik sinesgaitzenak sortzen ere, gerora are sinesgaitzagoa den alegia bat aurkezteko. Baina gaur egun, alegia horrek hiru gazte espetxean mantentzeko eta zentzugabeko prozesu judizial bat martxan jartzeko balio du”. Muntaia horri aurre egiteko urte erdian egindako ekimenak, jasotako “izugarrizko elkartasun eta aldarrikapen olatua” sortu zuela nabarmendu zuten. Eta haiek isilarazteko saiakerak alferrikakoak izan direla nabarmendu zuten.

Ziurtatu zutenez, “Altsasu zigortu nahi dute, Sakana; ibilbide aktibo eta inkonformista batengatik.
Altsasu osoa kriminalizatu nahi dute, Altsasuko gazteria, Euskal Herrikoa, euren ekintza eta operazio guztiak justifikatzeko, zeinen bidez zilegi diren aldarrikapenak isildu nahi dituzten, beraiendako deserosoak direnak”. Altsasu “defendatzen” segituko dutela ziurtatu zuten.

Auzipetuak
Ferietako liskarrean auzipetutako sei gazte eskerrak ematera kioskora igo ziren: “eskerrik asko orain arte laguntza, elkartasuna, atxikimendua, adierazi duzuen guztioi. Hilabete hauetan guztietan zuen babesa sentitu dugu”. Azken hilabeteetan “amesgaiztoa pasa dugu, guk, gure lagunek eta gure senideek. Egun asko gezurren artean”.

Haiek kalean eta hiru lagun preso egotean “eroso” ez daudela aitortu zuten, “haiek bezala gu ere barruan egon gintezke”. Edo alderantziz. Horregatik, hiru preso gaztean Altsasun nahi dituztela esan zuten. Horrekin batera, “muntaia” salatu zuten. “Gezurrak esan dituzte herri honen inguruan, gezurrak guri buruz, gezurrak gure lagunei buruz. Ez dugu hori onartzen”. Altsasun bizi eta lan egin nahi dutela aldarrikatu zuten, “bakean, gure aldarrikapenak eginez, gure eguneroko kezkak eta aldarrikapenak aurrera eramanez”. Azkenik, gazte auzipetuek “bakoitzak ahal duen moduan, gu laguntzen eta hiru presoak gurekin izan arte eta hau guztia despeditu arte”, laguntzen segitzeko eskatu zuten.