Altsasuko Auziaren berri emateko Nafarroan barnako bira antolatu dute

Guaixe 2018ko ots. 3a, 14:30

Altsasuko herriak Nafarroari Bira emanen dio otsailaren 24aren eta martxoaren 25a bitartean, bost etapatan. Herriko 46 talde edo eragilek momentuz izena eman dute eta haien bidez Altsasuko Auziaren berri foru geografian barna zabalduko da

 

"Altsasuko zortzi gaztek eta haien familiak pairatzen ari diren injustiziaren aurrean, gaiari buruzko informazioa zabaltzeko Altsasuko herriak Nafarroako eskualde guztietatik bira eginen du". Altsasuarrak eta, momentuz, kultura, kirol, gastronomia, gizarte edota hezkuntza arloko 46 elkartek eta taldek parte hartuko dute.

Izena eman duten guztien artean foru erkidegoko eskualde guztietara auziaren inguruko "informazioa eta giza-eskubideen eta demokraziaren printzipioen aldarria modu presentzial eta anitzean" hedatuko dute, "Nafarroako gizartea mezu hauen inguruan sentsibilizatu eta konprometitu dadin.

Zabaldu nahi diren ideiak
Zortzi gazteek aurre egiten diote 375 urteko espetxe zigor eskaerari, haietako hiru preso eta urrunduta egotea eta haien familiak jasaten ari direna "justiziaren erabilera makurraren ondorioa da", azaldu zuten ekimenaren aurkezpenean. Adierazpen horrek zuzenbideko adituen, erakunde publikoen eta gizartearen babesa duela azpimarratu zuten. Aldi berean, Nafarroako Lurralde Auzitegiak joan den urteko martxoan emandako autoan gertaerak terrorismotzat kalifikatzeko zantzurik ez zuela ikusi gogorarazi nahi dute biran zehar.

Biraren deitzaileendako honako eskubideak eta printzipioak urratu dira: errugabetasun presuntzioa, epaile naturalaren eskubidea, legearen erabilera ez hedatzailea eta proportzionaltasunaren printzipioa, defentsarako eskubidea, askatasun eskubidea… Ziurtatu zutenez, "epaitegi, polizia eta hedabideen gain-jarduketa eta botere-gehiegikeria horrek demokraziaren oinarriak higatzen ditu. Behin pertsona batzuei aplikatzen bazaie, nork ziurtatzen du gizarte osoari aplikatuko ez dakiokeenik?" Nafarroako Biraren aurkezpenean adierazi zutenez, " urte honetan adierazitakoa ez da soilik pertsona eta familia batzuei zuzenduriko elkartasuna, demokraziaren balore eta printzipioen eta giza-eskubideen defentsa ere izan da".

Bost etapa
Otsailak 24
• Zubiri, Aurizberri, Otsagabia, Irunberri eta Zangoza.

Martxoak 3
• Lizarra, Gares eta Tafalla.

Martxoak 10
• Lekunberri, Leitza, Elizondo, Lesaka eta Baigorri.

Martxoak 17
• Iruñerrian bizikleta martxa, Iruñeko Gaztelu plazan bukatuta.

Martxoak 25
• Tutera eta Erribera.



Prestakuntza bileren egutegia
Zubiri: otsailak 8, 19:00etan, Gau-Txorin.
Otsagi: otsailak 6, 19:00etan, udaletxean.
Irunberrin: otsailak 9, 19:00etan, kultur etxean.
Zangozan: otsailak 9, 19:00etan, kultur etxean.
Lizarra: otsailak 7, 19:00etan, gazteriaren etxean.
Gares: otsailak 6, 18:30ean, Vinculo etxean.
Tafalla: otsailak 7, 19:30ean, kultur etxean.
Leitza: otsailak 8, 19:00etan, udaletxean.
Elizondo: otsailak 7, 19:30ean, kultur etxean.
Txantrea: otsailak 14, 19:00etan, Auzotegin.
Burlata: otsailak 14, 19:30ean, kultur etxean.
Iruñea: otsailak 22, 19:00etan, PlazarA! Lokalean, kale Nagusian.
Tutera: otsailak 8, 19:30ean, Beterri peñan.


altsasumartxan@gmail.com
Nahiz ibilbidean ez egon, baina Altsasuko Auziaren inguruko informazioa eta mezuak zabaltzen lagundu nahi dutenek, edo beste herri edo auzoetan ere Laguntza Taldeak sortu nahi dutenek e-posta helbide horren bidez jarri daitezke antolatzaileekin harremanetan.

Nafarroari Bira antolatu eta babesten duten talde, elkarte eta erakundeak.
Altsasu Feministak
Altsasu Kirol elkartea
Altsasuko Erraldoiak
Altsasuko Fanfarrea
Altsasuko Gaiteroak
Altsasuko Gurasoak
Altsasuko Txistulariak
Altsasukoak Aske herri asanblada
Amandrea gastronomia elkartea
Artebide
Asociación Caza y Pesca
Barranka Txirrindula Elkartea
Bilgune Feminista
Cruz de Mayo taldea
Dantzarima dantza taldea
Dentera musika taldea
Egubera taldea
ELA sindikatua
Erkudengo Ama abesbatza
Etorkizuna Dantza Eskola
Euskal Herrian Euskaraz
Garabatos musika taldea
Haize Berriak Sakanako Musika Elkarteak
Iñauteriak taldea
Iñigo Aritza Ikastolako gurasoen elkartea
Iñigo Aritza ikastolako langileak
Itziar eta Erkuden taldea
La Encina Extremadurak kultur zentroa
La Estufa musika taldea
LAB sindikatua
Lagun Onak gastronomia elkartea
Los del Rayo musika taldea
Musika eta Dantza Eskolako langileak
Pintxopoteo kantu taldea
Sakana Harrera Herria elkartea
Sakana Igeriketa taldea
Sakana Lanbide Heziketa IIP ikastetxeko irakasleen klaustroa
Sakana Lanbide Heziketa IIP ikastetxeko administrazio eta zerbitzuetako langileak
Sakanako AEK-ko irakasleak
San Juan batzordea
Sare Altsasu elkartea
Tarima Beltza antzerki taldea
Txaranga Txorongo
Xurrut tabernen taldea
Yoseikan Budo taldea
Zubi Ondo gastronomia elkartea