Madrildik aurreneko kronika

Guaixe 2018ko api. 16a, 21:14

Altsasuko auziko aurreneko eguna izan da gaur eta terrorismo zigor eskaera salatzeko 400 bat pertsona elkartu dira ordu erdiz udaletxe parean, ETBko kamera lekuko zutela. Bukaeran Madrildik bidalitako kronika irakurri dute eta haren ondoren, Gure Etxea eraikinean, plataformakoek Madrilen gaurko egunari buruz egindako bideoa eman dute.

Hona gaurko kronika:
Altsasu ia komunikabide guztietako portadan agertu zen, goizaldeko ordu txikitan herriko taberna batean gertatu zen liskar bat zela eta, hau terrorismotzat jo eta gero. Adur, Jokin eta Oihanek kartzela eta dispertsioa haien azalean bizi izan dituzte urte eta erdiz. Justifika ezinak diren neurri kautelarrak eta milaka eta milaka kilometro. Urte eta erdiz gelditu gabeko mobilizazioak. Urte eta erdi min eta sufrimendu izugarria eragiten ari den egoera esperpentiko hau salatzen ari garenetik. Nafarroako Foru Komunitatean inoiz izandako manifestaziorik handiena bizi izan dugu. Gaur, Madrilgo Audientzia Nazionalean epaiketaren lehenengo eguna bizi izan dugu.

Makro epaiketa terrorista gisa saldu eta publizitatzen den epaiketa da hau. Akusatuen aulkietan eseri dira zortzi pertsona, baina larunbatean ikusi ahal izan genuen moduan, milaka eta milaka gara aulki horiek betetzen ditugunak.

Aulki horietan eserita daude, oinarrian, pertsona hauen etorkizunarekin batera, gure eskubide eta askatasunak.

Terrorismoaren kontrako makro-epaiketa gisa aurkezten ari den kontestu honetan, ferietako egun bati buruz hitz egin da, lagunarteko afariez, esku-pilotako partiduez, tabernez, dantzez, ligatzeko borondateaz eta ondo pasatzeko intentzioaz. Prentsa aretoan irribarre uholdeak sortu dira kasu batzuetan. Horretaz hitz egiten da gertaerak deskribatzen direnean.

Terrorismoaren aurkako makro-epaiketa bezala aurkeztu duten arren, pertsona akusatuek hizketan aurrera joan ahala, festa egun baten deskribapena bilakatu da non taberna batean gertaera bat eman zen. Modu honetan, prozesu honen zentzugabekeria geroz eta ebidenteagoa bilakatu da.    

Zortzi lagun horiek bakarrik ez zirela egongo argi adierazi genuen. Goiz osoan zehar Audientzia Nazionalaren atarian 150 altsasuar eta bestelako hainbat herritako adiskideak bildu gara, goizeko lauretan atera garenak bai kotxez bai autobusez inputatuei eta beraien senideei gure berotasuna eskaintzeko asmoz.

Komunikabide asko, ikusmin handia, eta berriz ere hedabide batzuek akusazioaren eta fiskaltzaren editorialak itsu-itsuan nola jarraitzen dituzten egiaztatu dugu.  

Izugarrizko arreta sortu da, eta onartu ala ez, epaiketa honetan jokoan dagoenarekin harremanetan dago. Zortzi pertsona horien bizitzaz gain, gizarte osoari dagozkion eskubide eta askatasunak baitaude jokoan. Bi asteko epaiketa izango da. Hementxe jarraitzen dugu eta jarraituko dugu. Altsasukoak Aske.