Guardia Civilak Altsasuko lau auzipetu atxilotuta eraman ditu epailearen aurrera

Guaixe 2018ko eka. 5a, 15:01

Epaileen aginduz egin dira atxiloketak, “ihes egiteko arriskuagatik”. 16:00etan pasako dira Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileen aurretik eta kartzelara sartzen dituzten edo fidantzapean aske gelditzen diren erabaki dute.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Concepcion Espejel Jorquera (presidentea), Manuela Fernandez Prado eta Jesus Eduardo Gutierrez Gomez (ponentea) epaileek ostiralean jakinarazi zuten Altsasuko auziko epaia. Gaur, haien aginduz, eta “ihes egiteko arriskua” dutela argudiatuta, Iñaki (13 urtera zigortuta), Aratz, Jon Ander eta Julen (9 urteko zigor bana) atxilotu ditu Guardia Civilak. Lehena bere bila zebiltzala jakin eta Auzobide kalean zeuden guardia civilengana joan da, bere burua entregatzera.

Aratzen bila etxera joan dira guardia civilak eta gurasoek esan diete dagoeneko lanera joana zela. Familiak autoa hartu eta semeak lan egiten duen Goierriko lantegira joan da. Han izan dira atxiloketaren lekuko. Julenen etxera kalez jantzitako bost guardia civil joan dira atxilotzera eta kalean beste 7 zeuden. Jon Anderren kasuan ere antzekoa izan da. Julenen eta Aratzen kasuan gutxienez, nylonezko eskuburdinak jarri eta bizkarrean lotu dizkiete. Nortasun agiria, osasun txartela eta arropa pixka ba eramateko aukera izan dute.

Mugimenduak atzotik
Epaia jakin eta gero hilaren 16rako, 17:00etan, Iruñeko Golem zinemetatik manifestazioa deituta dago. Hura prestatzeko makina bat bilera egiten ari dira Altsasuko Gurasoak eta Altsasukoak Aske herri asanbladakoak. Haietako batean sartzerakoan urrundik grabatzen zituztela ikusi zuten. Julen basora korrika egitera joan eta aldamenean bi ezezagun jarri zitzaizkion. Altsasun barna mugimendu berezi ugari izan ziren, askorendako agerikoa zen poliziak edo guardia civilak zirela. Horren jakitun, gaur jende askok apenas egin du lo. Atxiloketak 08:00ak aldera hasi dira eta 09:00etarako eginak zeuden. Gurasoek Madrilerako bidea hartu dute segituan.

Amorrua
Hori da altsasuar askok sentitu dutena atxiloketak izan direla jakin dutenean. Eta areagotu egin da jakin dutenean zitazio batekin dena konpondu zitekeela. Gure Etxea eraikinean batzarra egin ondoren, eguerdira arte kontzentrazioa egin da udaletxe parean. Bertan Javier Ollo alkatea eta Javier Paz zinegotziak parte hartu dute, une horretan udaletxean zeudenak.

Iritziak
Altsasuko Gurasoak taldeko Edurne Goikoetxeak etorri diren hedabide ugarien aurrean esan duenez, “eraman dituzten moduengatik ez dugu ezer onik espero”. 17:00etan prentsaurrekoa emanen dute eta herritarren babesa nahi lukete hartan. Bestetik, 20:00etarako manifestazioa deitu dute. Goikoetxearen esanetan “mobilizazioak egiten segitu behar dugu. Herri guztiei, erakundeei, jendeari kalera atera eta protestatzeko dei egiten diegu, urraketa baten eta bestearen ondoren jendea ezin da etxean gelditu. Etengabe ari digute min egiten”. Gaineratu duenez, “ematen ari garen erantzunak ez dira haien jokabidearen parekoa. Zibilizatutako pertsonak gara, beste aldean ez dugu halakorik ikusten. Mundu guztiak protestatzea nahi dugu”. Eta gaineratu du: “argi dago ez dutela fase bat bukatzea nahi. Zein ez dago bakearekin gustura?” Nabarmendu du epaian “terrorismo delitua” baztertu egin dela. Herriak emandako babesa eskertu du.

Altsasukoak Aske herri asanbladako kideek salatu dutenez, “sekulako injustizia baten aurrean gaude. Halako jarrerekin nazkatuta gaude. Ikusten da batzuek interes dutela beste garai bateko egoera mantentzen. Herria sumindu nahi dute. Hori da haien helburua. Bai gure lagunak atxilotzen eta Madrilera eramaten, bai kartzelan urte eta erdi mantenduz, bai herri hau kriminalizatzen”. Jendeari kalera protesta egitera ateratzeko deia egin du, “behar zaituztegu, benetan”. Eta agendan hilaren 16ko Iruñeko manifestazioa gordetzeko eskatu dute (17:00etan Golem zinemetatik).

Altsasuko alkate Javier Ollok gaurko atxiloketen kontra azaldu da, baita behin behineko espetxeratzearen kontra ere. “Kasu honetan horretarako arrazoirik ez dela uste dugu”. Eta gogoratu du Altsasuko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak ostiralean bertan epaian jaso diren “neurrigabeko zigorren kontra” erakunde-adierazpena onartu zuela. Gaur arratsaldean udaleko taldeetako ordezkariak gaia aztertzeko elkartuko dira. Alkateak gogorarazi duenez, “proportzionaltasuna eskatzean justizia eskatzen dugu”.

Herrian
Hainbat hedabideetatik etorri dira Altsasura goizean-goizetik eta iluntzera arte gelditzeko asmoa dute, ETB kasu. Herriaren egunerokotasuna betikoa ez dela adierazten dute kazetari horiek. Baina baita herrian aurrera eta atzera dabiltzan Guardia Civilaren markarik gabeko furgoneta txuriak ere. Hainbat pankarta kendu zituzten. Hartan joaten zirenak izan dira hain zuzen Zelai kaleko institutuaren kanpoko aldean lasai ederrean zeuden 10 bat gazte identifikatu eta miatu dituztenak.  Bestetik, atxiloketak egin behar zituzten guardia civilak langile bat agurtu zuten eta agurra ez bueltatzeagatik men ez egite gisa hartu eta salatu zuten. Atxilotuei eta haien senideei elkartasuna azaltzera agertu zirenen herritarrak mehatxatu eta kolpatu zituzten ere.