Hizketan

“Herriarekiko beste eraso gisa” sentitzen dutena salatuko dute asteburuan

Guaixe 2018ko urr. 30a, 19:45

Altsasuko herri batzarretik “eraso hau salatu eta Altsasurekiko elkartasuna adierazi nahi duten guztiei” larunbateko manifestazioan eta igandeko ekitaldian parte hartzera gonbidatu dituzte.

Azaldu dutenez, azken egunetan egindako batzarretan “erantzun herritarra, bateratua, zabala, sendoa, duina eta bilatzen duten enfrentamendurik gabea ematea” izan dute helburu. Azaldu dutenez, “hainbat aukera aztertu ditugu, hainbat sentsibilitate agertu dira eta kontsentsuzko proposamena adostu eta batzarrean onartu dugu”.

Astebururako prestatutakoa honakoa da. Larunbatean, Utzi Altsasu bakean lelopean manifestazioa egitea. Foru plazatik abiatuko da 17:30ean. Igandean, berriz, “Eskubide eta askatasunen gunea” sortuko dute kultur gune pareko zabalgunean. Azaldu dutenez, “eremu irekia izanen da, datozen horiek zapaltzen dituzten eskubideen isla izanen dena. Kultur ekimenak, musika emanaldiak, parodiak, Altsasuko eragileen eremua… Hori guztia ahalbidetuko duen ekimen aldarrikatzailea izanen da, festa giroan eginen dena. Gure herria zapaltzera etorriko direnak alde eginen dutenean festa Altsasuko kaleetan barna zabalduko da”.

Argudioak
Herri batzarrean bildutako altsasuarrek adierazi dute “nazkatuta daudela hainbeste gezur entzuteaz, hainbeste irain eta probokazio jasan behar izateaz. Etengabea izaten ari baita komunikabide batzuk, polizia-indarrak eta hainbat arduradun politikoren aldetik jasan behar izan dugun mespretxua, errespetu falta eta erasoak”. Aitortu dute azken urteetan “min handia” egin dietela, “baina jakin izan dugu herri gisa erantzuten, elkartzen, haserreak eta une pozgarriak partekatzen, kolpeak eta ilusioak partekatzen, nekea eta itxaropena konpartitzen”.

Ciudadanos, Vox eta Partido Popularraren “bisitaldia gure herriarekiko beste eraso bat da, ankerkeri osoz egina gainera”. Aipatu alderdien jokabidea “ulertezina eta onartezina” dela deritzote. “Atzean ezkutuko interesak daude eta faxismoarekin antza osoa duen praktika da. Herri oso baten sufrimendua erabili nahi dute haien arteko hauteskunde lehiarako”. Ziurtatu dutenez, “badakigu gure herria ez dela haien helburua, berez aski larria litzatekeena. Are zikinagoa da jokabidea, gure herria aitzakiatzat hartu nahi dutelako, eskubide eta askatasunen ukaziorako aitzakia eta sinbolo bilakatu nahi dutelako”.  

Altsasura igandean etorriko direna batzartuendako “ geure minarekin jolasean ari dira, gure eskubideak zapaltzen dituzte, gure herria errespetatzen ez dute, hitzik eta erabakirik gabe utzi nahi gaituzte. Enfrentamendua bilatu eta hortik etekinak atera nahi dituzte”.