Aparkaleku publiko berria zabalik

Guaixe 2020ko ira. 24a, 13:11

Agorrilaren 12az geroztik erabilgarri daude Erkuden eta Bakea kaleen artean kokatutako aparkaleku publiko berriko 66 tokiak; 3 behar bereziak dituzten pertsonendako dira. 

Herriko hirugarren aparkaleku publikoak Zumalakarregi plazaren ondoko etxarte zabal bat hartzen du. Altsasuko Udalak Erkuden eta Bakea kaleen artean dagoen 1.800 metro karratu inguruko eremua urbanizatu du. Etxeen kontra espaloi perimetrala jarri du, oinezkoentzako sarbide segurua izateko. Espaloi hori ere aparkaleku berria inguratzen duten eraikinetako argiteria publikoko sareak eta euri urak biltzeko sareak pasatzeko erabiliko da. Gainera, aparkalekurako galtzadaren euri urak biltzeko sarea egin da.  

Euri ur horiek Bakea kaleko kolektorera eramateko sarearekin lotu dira. Lan hori egiten ari zirela, 4 metroko sakoneran, bai euri-uren kolektorea bai ur beltzen kolektorea puskatuta zeudela ikusi zuten langileek. Beraz, fibrozementuzko bi hodiak ordezkatu behar izan zituzten 15 metroko tartean. Javier Ollo Martinez alkateak azaldu duenez, “proiektuan ez zen aurreikusten jarduketa hori, baina beharrezkoa zen aparkalekuko eta inguruko eraikinetako euri-urak lotzeko”. Ondorioz, hasiera batean 110.783,75 euroko (gehi BEZ) aurrekontua zuen lanak, azkenik, 167.470,90 eurokoa izan du azkenik. Lanak Lacunza Hermanos SM enpresak egin ditu. 

Aparkalekuak Erkuden kaletik du sarbidea eta Bakea kaletik ateratzen da. Zenbait erabiltzailek horrekin harrituta gelditu ziren. Guaixeri adierazi diotenez, “sarbideak alderantziz eginez gero herri sarreratik azkarragoa iristen da eta ibilgailuen herrian barnako buelta gutxiago izanen lirateke”. 

Altsasun beste bi aparkaleku publiko daude. Bata, Zelandi kalean, eskolaren eta osasun etxearen artean. Han 47 auto sartzen dira eta 2014tik erabilgarri dago. Bestea San Juan eta Altzania kaleen artean dago. 2017an mustu zen, eta 25 plazako aparkalekua da.