Mikel Reparazek Amerikako arrakalak aurkeztu zituen Iortian

Guaixe 2020ko abe. 17a, 10:30

Castillo Suarezek gidatutako aurkezpenean, AEBetako egoera, bertako bitxikeria eta pasadizoak eta Las grietas de America liburuan jasotakoak azaldu zituen Mikel Reparaz kazetari arbizuarrak

Mikel Reparaz kazetari arbizuarrak Las grietas de America liburua aurkeztu zuen atzo Altsasuko Iortia Kultur Gunean. Gela nagusiko baimendutako edukiera bete egin zen, eta bildutakoek adi jarraitu zituzten Castillo Suarezek maisuki egindako galderei Reparazek emandako erantzunak. Suarezek adierazi moduan, liburua arrazakeriari buruzko liburu bat da, baina askoz ere gehiago. AEBetako gizarte eta politika antolakuntzan sakondu zuen egun EITBko Nazioarteko arduradun den Mikel Reparazek, eta beste behin adierazi zuen arrazakeria dela AEBetako oinarrietako bat. Trump, Biden, Black Lives Matter, egindako ehundaka elkarrizketak eta AEBetako 50 estatutak zeharkatuz bizitako pasadizuak… denetaz aritu zen Reparaz, Suarezekin izandako solasaldi bikainean.

Las grietas de America egungo AEBak ezagutzeko ezinbesteko liburua da, arrakastsua. Horren isla, dagoeneko liburuaren 4. edizioa egin du Peninsula argitaletxeak.