Sakana haran anitza da

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko mai. 11a, 12:51

Migranteak eta errefuxiatuak ongi etorri hamabostaldi solidarioaren aurkezpena, Iortia zabalgunean.

Altsasuko Iortia zabalgunea "errefuxiatu eremu" bat bihurtuko da 'Migranteak eta errefuxiatuak ongi etorri' ekimenaren barruan. Hainbat guneren bidez "hausnarketa" bultzatu nahi du Sakanako Mankomunitateko Anitzartean zerbitzuak.

"Zer egingo zenuke zuk bat-batean dena utzi beharko bazenu? Edo zure seme-alabei jaten emateko? Eta zu errefuxiatu bazina?". Sakanako dendarien elkarteko erakusleihoetan egun hauetan irakur daitezkeen galderetako adibideak dira. Erantzuna maiatzaren 15ean Altsasuko zabalgunean eginen den Migratuak eta errefuxiatuak ongi etorri Sakanara! ekimenean erantzunen dituzte. Behintzat sakandarrek "hausnartzea" nahi dute Sakanako Mankomunitateko Anitzartean zerbitzuak antolatu duen hamabostaldi solidarioarekin. Ibarreko hainbat eragilerekin batera elkarlanean antolatutako ekimena da: besteak beste, Sakana Harrera Harana, Tarima Beltza, Zaporeak elkartea eta Help-Na Nafarroako suhiltzaile boluntarioen elkartea. Hamabostaldiaren jarduerak Gibraltargo itsasartearen zabalean, 25 urte, 25 istorio erakusketarekin eta Fernando García Arévalo fotokazetariaren hitzaldiarekin hasi ziren.

“Sakana haran anitza da, eta hori azpimarratu behar dugu. Edozein tokitatik etorritako pertsona ongi etorria da. Gainera, momentu honetan beste diskurtso batzuk eta gorroto mezuak entzuten ari gara". David Oroz Sakanako Mankomunitateko lehendakariak "herri anitza" aldarrikatu nahi dutela azaldu du, "anitzartekotasuna eta kulturaniztasuna da aberastasuna" Migratuak eta errefuxiatuak ongi etorri hamabostaldi solidarioari hasiera eman zion Orozek, gogoratuz "gu beste garai eta egoera batzuetan errefuxiatuak izan garen bezala beste tokitara bizi hobe bat bilatzera joan garen bezala". Galdera luzatu zuen: "Orain zer egin behar dugu guk?". Bizi hobe bat "merezi eta nahi" duten horiei "ongi etorria" eman.

Kulturartekotasuna
Bego Zestauk Anitzartean Kulturartekotasun zerbitzuko teknikariak azpimarratu duenez zerbitzuak hamalau urte daramatza aniztasuna "kulturartekotasunaren" bidez kudeatzen. "Jatorri anitzeko Sakanara etorri diren guztien arteko benetako hartu emana sustatuz, giza eskubideen barruan eta elkarbizitza baikor baten bideak eraikiz". Zerbitzuaren helburuetako bat, hain zuzen, Sakanara bizitzera etortzen den edonor "berdin dio zein jatorri eta egoeratan dagoen", ahalik eta harrera egokiena eta duinena eskaintzea da: "Horretarako inklusio bideak irekitzea, elkarbizitzan modu hain ezkorrean eragiten duten zurrumurruen desaktibazioan lan sakona egitea eta elkarbizitza baikorrean jartzen edo sendotzen joatea".

Egiteko hori ezinezkoa izango litzateke gizarte eragilerik ez balego". Zerbitzuak antolatzen dituen ekimenak sakandarrek proposatutakoak izan ohi dira, egunotan egiten ari den hamabostaldi solidarioa bezala. Tarima Beltza antzerki taldeko kide batek A la deriva antzezlana Zaporeak elkartearekin elkartasunean egitea proposatu zuen, "baina ezin zen horretan bakarrik geratu, zerbait gehiago egin behar genuen". Gizarte eragile gehiagorekin elkarlanean, argazki erakusketa, hitzaldiak eta maiatzaren 15eko ongi etorri ekimena antolatu dute.

Migrazioak
Errefuxiatuak migratuak dira, baina migratu guztiak ez dira errefuxiatuak. "Errefuxiatu bat hainbat egoeragatik bere bizia arriskuan ikusita bere sorterritik migratu egiten duena da, bere bizia salbatzeko", azaldu du Zestauk. Bere sexu orientazioagatik, gerrate batengatik, arrazoi politikoengatik eta abarrengatik izan daiteke. Migratzaileak dira, baina errefuxiatuek "babes bila" uzten dute haien herrialdea. "Orain Siriakoa dugu buruan, baina historian zehar asko izan dira".

Migratzeko arrazoiak ere asko izan daitezke: "Ekonomikoak, lanekoak, ikastekoak, maitasunarenak… komunean duten gauza da mugitzen direla". Herrialde batetik beste batera joaten direla. Hala ere, migrazio mota asko ere badaudela gogoratu du Zestauk, herritik hirira egiten direnak, esaterako. Sakana harrera harana dela aldarrikatzeko, beraz, edozein arrazoia dela eta migratutako ongi etorria emateko antolatu dute hamabostaldi solidario.

Lehen lerrotik
Fernando García Arévalok "lehen lerrotik" bizi izan ditu Afrikatik Europara iristen diren txalupen etorrerak Gibraltargo itsasartean. Hamabostaldi solidarioa irekitzeko fotokazetariaren argazki erakusketa mustu dute Iortia kultur gunearen erakusketa aretoan. García bertan egoten da argazkien atzean dauden istorioak kontatzen, eta asteazkenean Gibraltargo itsasarte zabalean, 25 urte, 25 istorio erakusketaren eta liburuaren inguruko hitzaldia eman zuen. Errefuxiatuen kanpamenduetan lan egiten duen Zaporeak Gobernuz Kanpoko Erakundearen lana ezagutzeko aukera izanen da bihar, maiatzak 12, asteazkena, 18:30ean, Iortia kultur gunean. Zaporeak erakundeko Fermin Artola lakuntzarrak Greziako Lesbosko errefuxiatu kanpamenduko egoeraren berri emango dute.

Errefuxiatu kanpamendua
Maiatzaren 15ean, larunbatean, Altsasuko Iortia zabalgunea errefuxiatu kanpamendu bat bihurtuko da 10:00etatik 14:30era. Hamabostaldi solidarioari amaiera emateko Migranteak eta errefuxiatuak ongi etorri ekimen handia antolatu dute, eta Sakanako dendarien elkarteko dendetako erakusleihoetan eta sare sozialetan planteatutako galderei erantzunak aurkitzeko aukera izanen da, "hainbat galdera Sakandarrak hausnarketara gonbidatzeko eta enpatia txiki bat izatera gonbidatzeko". Esaterako, "zer egingo zenuke zuk dena utzi eta beste herrialde batera joan beharko bazenu? Nola nahiko zenuke tratatzea migrante bazina? Pentsatu al dugu noizbait nola eragiten duten zurrumurru ezkorrek?".

Altsasuko "errefuxiatu eremuan" galderak erantzuteko guneak izanen dira. Alde batetik, zurrumurrei aurre egiteko gunea egonen da Sakana Harrera Haranaren eta Juan Higuero zurrumurruen aurkako agentearen eskutik. Gune horretan "zurrumurruen kontrako betaurrekoak" jartzera gonbidatuko dituzte bertaratukoak, "errealitatea hobeki ikusteko". Apurtutako zurrumurru batengatik lore bat jasoko du jendeak. Ekimenean Help-Na suhiltzaile boluntarioen elkarteak ere parte hartuko du. Errefuxiatuen eremuetako bizitza eta errefuxiatuen bizitzaren berri emanen dute boluntarioek. Zaporeak elkarteak kanpamenduetan duten sukalde baten simulazioa eginen du, eta haien lana erakutsiko dute.

ltsasuko institutuko batxilergoko ikasleak aurten errefuxiatuen eta migranteen gaia lantzen ari dira, eta ikasitakoarekin tribiala sortu dute. Tribial honetan errefuxiatuen egoera, migrazioa, Giza Eskubideak eta abar lantzen dira, eta maiatzaren 15ean Altsasuko Iortia zabalgunean izanen dira jolasa elkarbanatzeko. Errefuxiatu eremu berezi honen barruan ere Giza Eskubideen txokoa izanen da eta eskubideen egoerari buruz hausnartzeko aukera izanen da, Pantxika Lamurren laguntzarekin.

Arte eszenikoak
Eguerdian Irantzu Gonzalez Dantza Eskolako Oihuarima taldeak dantza emanaldia eskainiko du. Izaro abeslariaren Errefuxiatuena abestia izanen da dantzariek jarraituko duten doinua. Migranteak eta errefuxiatuak ongi etorri ekimenari amaiera emateko arratsaldean, 19:00etan, Tarima Beltza antzerki taldeak A la de riva antzezlana eskainiko du Iortia kultur gunean. Sarrerekin lortutakoa Zaporeak GKErendako izanen da. A la deriva antzezlana Médicos del Mundo GKEk sortutako antzezlana da, eta hainbat esketxen bidez errefuxiatuen egoeraren eta bizien berri ematen du. Drama bat da, baina umorearendako tokia ere badago. Altsasuko antzerki taldearendako erronka bat izan zen antzezlana. Sarrerak Iortia kultur gunean salgai daude.

Egitaraua

  • Maiatzaren 15era arte
    Gibraltargo itsastartearen zabalean, 25 urte, 25 istorio Fernando García Arévalo fotokazetariaren argazki erakusketa. Iortia kultur gunearen erakusketa aretoan, astelehenetik ostiralera 12:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara, larunbatetan emanaldiaren aurretik eta igandetan 18:30etik 19:30era
  • Maiatzaren 12
    18:30
    Zaporeak GKEko Fermin Artola lakuntzarraren hitzaldia: Lesbosen egiten duten lanaren eta egoeraren berri emanen dute. Iortia kultur gunean.
  • Maiatzaren 15
    Migratuak eta errefuxiatuak ongi etorri Sakanara! Ekimena. Iortia zabalgunean.
    10:00 Errefuxiatuen kanpamenduaren irekiera: Errefuxiatuen errealitatea ezagutzen, zurrumurruen inguruko hausnarketa, txapak egiteko tailerra eta janari banaketaren simulazioa. 
    12:00 Pantxika Lamur giza eskubideekin!
    13:00 Irantzu Gonzalez Dantza Eskolako Oihuarima taldearen dantza saioa.
    14:00 Itxiera

 

Erlazionatuak

"Ezin nuen beste alde batera begiratu"

Erkuden Ruiz Barroso 2021 mai 12 Altsasu