Pentsio, soldata eta bizitza duinen aldeko borrokan

Guaixe 2021ko mai. 31a, 14:21

Gizon-emakume guztiendako pentsio, soldata eta bizitza duinak eskatu zituzten. Estatuko eta Nafarroako gobernuei pentsiodunen mugimenduaren aldarrikapenak bere egiteko exijitu dute.  

Euskal Herrian eta Estatuko hainbat herri eta hirietan bezala, pentsiodunen mugimenduak deitua, manifestazioak egin ziren larunbatean. Sakanakoa Altsasun egin zen eta 150 pertsona elkartu zituen. Mugimenduko kideek jakinarazi zutenez, larunbatekoa “mobilizazio helmuga eta abiapuntu berri bat da, eta egungo politikak ez aldatzekotan, iragartzen dugu udazkena beste aukera bat izanen dela erakunde sozial eta sindikalekin batera mobilizazio orokor bat antolatzeko”. 

Izan ere, pentsio duinen mugimenduko kideen iritziz, “pentsioak murrizten ari diren erreformek bere horretan jarraitzen dute eta murrizketa berriei ateak irekitzen zaizkie. Nahiz eta Toledoko Itunak eta Kongresuko bozketak Pentsio Sistema Publikoa bideragarria dela agerian uzten duten”. Pentsioen sistema publikoa bermatzea exijitu zuen, bestela bere ondorioak “ nahikoak ez diren pentsioak eta murrizketa berriak baitira”. Lan eta pentsio erreformak “indargabetzea” ere exijitu zuten, haiek “prekarietatea, desberdintasuna eta pobrezia areagotzen” dutelako. Bitartean Nafarroako Gobernuari exijitu zioten gutxieneko 1.080 euroko pentsioa lortzeko “pentsio txikiei osagarria handitzeko bidean pausoak ematea. Promesa horrekin aurrekontuak aurrera atera zituen eta gaur egun ahaztu egin duela dirudi”.