Uda Sakanan 2021

“Urtebetean zenbat gauza egiteko gai izan naizen ikusten dudanean…”

Maider Betelu Ganboa 2021ko abu. 24a, 11:30

Barranka Txirrindularitza Taldeko kide gazteena da Nagore Gonzalez Claver. Duela urte bat pasa hasi zen taldean, eta astebururo BTT talde mistoak antolatutako irteeretan parte hartzen du. Bizikleta hartu eta gure inguruneaz gozatzeko gonbita egin du

Barranka Txirrindularitza Taldeak ibilbide luzea du. 90. hamarkadan izan ziren bere hastapenak, Burunda Txirrindularitza Klubeko mendi txirrindularitza edo BTT sekzio gisa, baina 2015etik aurrera Barranka Txirrindularitza Taldea sortu zuten Burundako BTT sekzioko kideek eta zikloturistek. Altsasuko BTT Zeharkaldia eta Sakana Burunda txirrindularitza martxa antolatzearekin batera, astebururo bizikleta irteerak egiten dituzte. Taldekide gehienak beteranoak dira, baina duela gutxi 15 urteko Nagore Gonzalez Claver gaztea batu zaie. 

Barranka Txirrindulari Taldeko kidea zara. Taldeko biker gehienak helduak dira, baina zuk 15 urte bete berri dituzu. Nola animatu zinen Barrankan izena ematera? 
Aita Barranka Txirrindularitza Taldeko kidea da. Ni baino lehen hasi zen, ni hasi baino urtebete lehenago, eta berak animatu ninduen Barranka taldearekin mendi txirrindularitza probatzera. Egun batean Barranka talde mistokoekin atera nintzen; hasi nintzen, gustatu zitzaidan, eta orain larunbatero BTT irteeratara joaten naiz eta oso pozik nago. 

Larunbatero egiten dituzue BTT irteerak, ezta?
Barranka Txirrindularitza Taldearen barruan 3 talde daude: Barranka errepideko taldea (larunbat goizetan egiten dituzte irteerak), Barranka BTT taldea (hasierakoa), eta Barranka BTT talde mistoa. Ni BTT talde mistoan nago: emakumeak eta gizonezkoak batera aritzen gara, eta 60 kilometroren bueltako irteerak egiten ditugu gutxi gorabehera, baina erritmo lasaiagoan. Beste martxa batean ibiltzen gara, eta larunbat goizetan egiten ditugu irteerak. Hasierako BTT taldean, aldiz, beteranoak daude, asko ibiltzen direnak. Ibilbide luzeagoak eta gogorragoak egiten dituzte. Aita bertan aritzen da, eta igandeetan egiten dituzte irteerak. Ni oraindik ez naiz ausartzen beraiekin joatera (kar, kar…). 

Barranka BTT talde mistoan, zenbat kide biltzen zarete irteerak egiteko?
Egunaren arabera: batzuetan 8 kide, beste batzuetan 10... Larunbat goizetan egiten ditugu irteerak, eta ordua eguraldiaren eta egingo dugun ibilbidearen arabera jartzen dugu. 

Taldeko gazteena zara.
Bai. Gainontzeko kideak helduak dira. Gehienek seme-alabak dituzte. Esan beharra dut Barrankan hasi nintzenean oso ongi hartu nindutela taldekideek.

Barrankan hasi aurretik, bizikletan ibiltzen zinen?
Txikitatik kirola egitea gustuko dut, baina ez nintzen bereziki bizikletan ibiltzen. Gogoan dut 2019ko martxoan, konfinatu baino egun bat lehenago, aita eta biok buelta bat ematera joan ginela, azken egun hori aprobetxatzeko. Mendi bizikletarekin kilometro dezente egin nituen lehenengo eguna izan zen. 30 kilometro inguru izan ziren, eta hori niretako asko zen, ez bainintzen asko ibiltzen. Oso ongi sentitu nintzen. Eta orain 30 kilometro egitea gutxi da (kar, kar…). 

BTT irteera hauetan Sakanako txoko asko ezagutuko dituzue. Nondik ibiltzen zarete?
Batzuetan, Urbasako portua igo, eta buelta bat ematen dugu bertan, edo Agurain aldera goaz, edo Lizarrustira, edo Lizarragara joan, portua igo, eta handik Urbasara goaz, Urbasatik jaisteko. Egunaren arabera. 

Zein txokok harritu zaitu gehien? Zein da politena zuretzat?
Urbasa dut gustukoen, bere osotasunean. Leku oso lasaia da, erlaxatua, eta ez dago jenderik. Natura bete betean. 

Aralar aldean ibili al zara?
Bizikletan ez naiz inoiz joan. Beldurra ematen dit, esaten dute oso gogorra dela. Errespetu handia diot. Aita asko ibiltzen da bizikletan, eta esan zidan San Miguel lehen aldiz igo zuenean oso gogorra egin zitzaiola. Nire aitarendako gogorra izan bazen, niretako gogorragoa izango da. 

San Migel igo beharrean, bizikletak autoz Aralarrera igo eta han bueltatxoa eman dezakezue. Izan ere, Barranka Taldeak furgonetak ditu halako irteerak egiteko, ezta?
Bai, bi furgoneta ditu taldeak. Batzuetan furgonetan goaz eta gero mendian buelta ematen dugu. Oraindik ez zait egokitu Aralarrera joatea. Aurreko udan Aguraineraino joan ginen furgonetan. Han bizikletak hartu eta Garaioko urtegira joan ginen, eta Agurainerako buelta. Gehiegi litzateke Altsasutik abiatuta ibilbide hori guztia egitea. Uztailaren 16tik 18ra taldekideak Llanesera joan ziren, bertan irteerak egitera. Ibilbide horiek oso politak dira. 

Donejakueko bide zaharra, Sakanatik pasatzen zena, berreskuratu dute, bizikletan edo oinez egiteko bide gisa, eta Barranka Txirrindularitza Taldekoak ere ibili izan dira Irurtzundik Ziordira bitarteko bide hori egiten, Itxasperri, Zamartze, eta Sakanako hainbat eta hainbat baseliza biltzen dituena. 
Bai, baina ni ez naiz ibili. Ez zait tokatu, baina nire taldekide batzuek Donejakueko Sakanako buelta guztia egin izan dute. Hanka sendoak izan behar dira guztia egiteko, baina noizbait egin nahi nuke, Sakana puntatik puntara ezagutzeko. 

Pirinioetan eta Bardeetan egona zara?
Pirinioetara joan nahi dut, baina oraindik ez naiz egon. Tourmalet probatu nahi nuke, baina urte batzuk itxaron beharko dut, hankak horretara egiteko, Tourreko etapan ikusi nuenean pixka bat izutu bainintzen; 3.000 metro baino gehiagoko desnibela du (kar, kar…). 

Teknologia berriei esker, egiten dituzuen ibilbideak neurtzen dituzue. Zein programa erabiltzen duzu?
Strava, Relieve eta Wikiloc erabiltzen ditut, bereziki Strava, gustukoena dudalako. Mapa batean egin duzun ibilbidea markatzen dizu, zein batez besteko egin duzun, egindako kilometroak, pilatutako desnibela, orduko batez besteko abiadura... Datu asko. Wikiloc dauden ibilbideak kontsultatzeko erabiltzen dut gehienbat, egon daitezkeen ibilbide aukerak aztertzeko, ibilbide bilduma eskaintza handia baitago. Gainera, informazio guztia ematen du: ibilbide bakoitzak zenbat kilometro dituen, zenbateko desnibela eta beharrezkoa den informazio ia guztia. 

Zer esaten dizute zure kuadrillakoek? Ez dira zurekin aritzera animatzen?
Aurreko astean Lizarragako portua igo genuen. Gero ezkerrerantz egin genuen eta Beriain azpian egon ginen. Argazki batzuk bidali nizkien eta esan zidaten erotuta nagoela (kar, kar…). Nik uste dut beraiek ez zutela espero ni horrenbeste ibiliko nintzenik. Ez dira nirekin aritzera animatzen, bizikleta ez dutelako oso gustuko. 

Animatuko zenituzke gazteak kirol honetan aritzera eta Barranka taldeko kide egitera?
Bai. Tokiak ezagutzeko beste modu bat da mendi txirrindularitza, autoz, motorrez eta halakoetan egin beharrean. Aldi berean, kirola egiten duzu, ez duzu kutsatzen, leku asko ezagutzen dituzu…Nik joan den urtean igo nuen lehenengoz Urbasako portua. Beti kotxez igotzen nintzen, eta Barrankakoek Urbasara bizikletan igo eta bertan buelta bat egitea proposatu zidatenean, pentsatu nuen: nik Urbasa igo? Baina nire erritmoan igo nintzen. Atzera begiratu, eta urtebetean zenbat gauza egiteko gai izan naizen ikusten dudanean…

Barranka bezalako talde batean egoteak ematen duen babesa –antolaketa, aseguruak, federatzeko bitartekaritza, irteerak, furgoneta eta bestelako azpiegiturak– garrantzitsua izango da, ez?
Bai, zalantzarik gabe. Bizikletarekin ateratzen zarenean hobe da jendearekin joatea, zerbait gertatuz gero babestuta egoteko. Gainera, Barrankak astebururo irteerak antolatzen ditu, eta jende asko ezagutzen duzu. Nor bere erritmoan aritzen da, baina aurrean doazenek tarteka atzekoei itxaroten diete. Gustura gabiltza. 

Erlazionatuak