"Langile gehiago dugu, baita lan gehiago ere"

Guaixe 2023ko abe. 11a, 14:00

Isabel Gracia Larraya

Grebarik ezin izan zuten egin Aita Barandiaran adinduen egoitzako langileek, baina erakundeei langile gehiago eta lan baldintza hobetzea aldarrikatzen du Isabel Gracia Larrayak.

Nafarroan dauden 72 adineko egoitzetatik bi besterik ez dira publikoak. Eta horietako bat da Altsasuko Udalaren Aita Barandiaran adinekoen egoitza. Udalak Nafarroako Gobernuarekin hitzarmena du. Egoitzako hogei langileetatik hemezortzi emakumezkoak dira, zaintzaile bat eta mantentze lanaz arduratzen dena dira gizonezko bakarrak. Haien lanaldiak gutxieneko zerbitzuak ere badirenez, ez zuten grebarik egiteko aukerarik izan. 

Zein motatako pertsonak daude egoitzan? 
Denetarik, nahikoa nahasketa dago. Gutxienekoa ongi dago eta hotel batean baleude bezala bizi dira, nahi dutenean sartu eta ateratzen dira. Baina hainbat mendekotasun maila duten asko daude, gainera nahasketa nahikoa dago. Batzuek, esaterako, bakarrik zutitzen, esertzen edo etzaten dira. Beste batzuek halakoak egiteko ere laguntza behar dute. Dementziaren bat dutenak ere badaude. 

Hala izan da beti?
Bai. Baina gero eta gehiago nahasten ari da. Denak batera daude eta batzuk besteak molestatzen dituzte. Ongi dagoenak dementzia duenaren jokaera jasan behar du. 

"Egoiliar bakoitzeko langile ratioak aldatu eta pila handitu behar dira"

Nafarroako Gobernuak adinduen egoitzak aldatzeko plana du eskuartean. Badakizue zerbait? 
Egoitzak banatu eta komunitate modukoak sortu nahi dituzte. Haietan antzeko egoera duten egoiliarrak batu nahi dituzte. Gureak ez du betetzen, lan handiak egin beharko lirateke. 

Langileei dagokienez, zer dio planak?
Entzun dugunaz aparte, bileraren bat eta hitzaldiren bat izan dugu. Baina iruditzen zaigu teoriatik asko eta praktikatik gutxi duela. Egingarria ez den teoria asko dago nire ustez. Esaterako, esaten dute pertsonak ez lotzeko. Baina guk badakigu batzuk erori eginen direla. Halakoak gertatzen zaizkigu, eta oso gaizki pasatzen dugu. Guk ez dugu haiek erortzea nahi. Ezin badiegu eutsi, nola eginen dugu? Ez gaude langile bat egoiliar bakoitzeko. Edo langile askoz gehiago jartzen dute, edo egoiliar bakoitzeko langile ratioak aldatu eta pila handitzen dituzte. Bestela, buruan dutena ez da egingarria. Zeren gu iristen garenera iristen gara, ezin dugu gehiago egin. Gogoz lan egiten dugu, baina ez gara guztira iristen. Gehiago eta hobeki lan egin nahiko genuke. 

Zenbat aritzen zarete zaintzen? 
Goizeko eta arratsaldeko lan txandetan bost zaintzaile gaude lanean, eta gauekoan bi. Asteko egun guztietan dozena bat zaintzaile aritzen gara lanean. Goiz eta arratsaldez erizain bana aritzen dira. Pandemiarekin lana egiteko modua aldatu zen, baita beharrak handitu ere. Gorriak ikusi genituen. Baina egin genuen lanarekin pozik gaude. Orduan bi zaintzaile gehiago jarri zituzten. Eta biek jarraitzen dute, beharrezkoa baita. Baina oraindik ere zaintzaile gehiago beharrezkoak dira. 

Lanaldi osoan lan egiten duzue?
Pandemiaren ondoren, bai, lanaldi osoa jarri ziguten guztiei. Ordura arte laguntza gisa pertsona bat 07:00etatik 10:00etara aritzen zen. Baina lan gehiago egitea ere eskatu zaigu. Gainera, egoiliarrek mendekotasun handiagoa dutenez, lan handiagoa dugu. Beti behar da jende gehiago.

"Egoiliarrek mendekotasun handiagoa dutenez, lan handiagoa dugu. Beti behar da jende gehiago" 

Mendekotasun tasaren araberako langile ratiorik ez dago ezarrita?
Ez. Legedian jasotakoa beteko da, baina guretako ez da nahikoa. Teoriatik praktikara aldea dago. 

Baliabide gehiago behar dira?
Dagoenarekin moldatu beharra duzu. Egoitzatik etengabe bueltaka ibiltzen gara. Beti bezala, ibili, lan egin eta argi ibili. Beti gabiltza erlojuaren kontra lan egiten, batera eta bestera laster egiten. 

Gobernuarekin sinatutako hitzarmena aldatzen ez bada, langile gehiago kontrata daitezke? 
Ez. Baina soldatak ere igo beharko lirateke, mileuristak baikara. Duela bi urte bukatu zen lan hitzarmena, eta soldatak izoztuta ditugu. Gauez eta jai egunetan lan egiteagatik ordaintzen digutena oso gutxi da. Eta bitartean guztia garestitu egin da. Soldatak eguneratu behar dira. Bada emakumezkoen lana aitortzeko garaia. 

Administrazioan langileen kontratazioaren behin behinekotasuna murrizteko eta lanpostuak egonkortzeko prozesuak eragin dizue?
Bai, behin behineko langileak gara. Azterketa batzuk egin genituen, euskara eta beste proba batzuk. Emaitzen zain gaude. Udalak emaitzen berri emateko 2024 urte guztia du eta ez digu ezer ez esaten. Bitartean egoitzan oso giro arraroa dago. Jendea oso urduri dago. Kaleratuz gero, beste lanen bat bilatu nahi duzulako. Gainera, adin bat dugunez, lana opatzea zaila izanen zaigu. Bestalde, euskara dakitelako plaza lortu dutenak daude, gaztetxoak dira. Haiek ere jakin nahi dute lanpostua lortu duten edo ez. Bitartean beste nonbaiten bilatu behar dute lanpostua. Egoera gogorra bizitzen ari gara, ez dugu ikusten udala inplikatzen denik. Lehen legegintzaldia bukatzear zelako, orain legegintzaldia hasi berria delako, ez digute batere ez esaten. Bitartean tentsio handiarekin lanean segitzen dugu. 

Lan hitzarmenean amatasuna, gaixotasun bajak eta beste, zehaztuak dituzue?
Bai, ongi dago. 

Lanean zaintzen. Eta etxean? 
Han ere lan egin beharra dago. Guztion artean lana partekatzen saiatzen gara. Baina emakumezkoak  beti lan gehiago egiten dugu. Lankide guztiek egoera bera dugu. 

"Mileuristak gara. Duela bi urte bukatu zen lan hitzarmena, eta soldatak izoztuta ditugu"

Gaixotzen bazara, zer gertatzen da?
Askotan pasatzen da. Egoiliarrek katarroa, gripea edo beherakoak badituzte, guk dena hartzen dugu. Gu ordezkatzeko gutxi daude. Etxean gelditu behar badugu, geure burua zaintzen dugu. Bestela, botika hartu eta lanera. Gero eta zaharragoa den plantilla bat gara. Eta errelebo gutxi dago. 

Egoitzan daudenak zergatik zaintzen dituzue zuek, eta ez beste norbaitek?
Pentsatzen dut haien etxeak ez dituztela beharrezko baldintzak betetzen. Eta iristen da une bat senideek ezin dutela artatu. Hala ikusten dugu, oso zaila delako. Eguneko 24 orduko zaintza behar badute... Emakumezkoek eta gizonezkoek lan egiten dugu gaur egun, eta ezin dituzu behar bezala artatu. Horretarako daude adinekoen egoitzak. 

Egoitza bakarrarekin nahikoa da?
Ez, Sakanan besteren bat egon beharko luke. Eskaera handia dago eta itxaron zerrenda dago egoitzan sartzeko. Etxetik zuzenean gutxi heldu zaizkigu. Sakandar asko Nafarroako beste egoitzetan daude eta lekualdaketa egiteko lehentasun gisa familiatik gertuen dagoen egoitza eskatzen du.  

Gobernuak ideia da jendea etxean ahalik eta gehien mantentzea da. 
Baina horretarako etxez etxeko zerbitzu gehiago egon behar dute. Etxez etxeko zerbitzuan lan egiten dutenek esaten digute gutxi direla eta gaizki dabiltzala. 

Zuek zaintzen dituzuenen jarraipena egiteaz, bisita egiteaz zein arduratzen da?
Tutore bat izaten dute, arreba edo ahizparen bat, alabaren bat... Orokorrean, emakumezkoak izaten dira.