Patronatuak adinduen egoitzako bi zerbitzu bere gain hartzea aztertuko du

Guaixe 2024ko urt. 24a, 10:00

Aita Barandiaran adinduen egoitza. ARTXIBOA

Egoitza zabaldu zenetik enpresak arduratu dira elikadura eta garbiketaz. Zerbitzu horiek emateko urte bateko deialdia egin du patronatuak erabaki bitartean.

Aita Barandiaran adinduen egoitzako patronatuak elikadura eta garbiketa zerbitzuak zuzenean kudeatzeko aukera legalak eta ekonomikoak eta horien ondorioak aztertuko ditu. Azterlan hori aurten egiteko konpromisoa hartu zuen patronatuak abenduaren 21eko bileran. Azterlana eskutan, 2025era begira egoki jotzen diren erabakiak hartuko ditu patronatuak. Bitartean lan horiek urte baterako emateko administrazio prozesura martxan jarriko du patronatuak. 

Gaur egun adinduen egoitzako elikadura eta garbiketa zerbitzuen enpresa 2021etik ari da bertan lanean. Gehienez ere bost urterako kontratua eskuratu zuen. Baina elikadurako lehengaien prezioen gorakada dela eta enpresak garaiz jakinarazi zuen ez zuela kontratua beteko. Kontratua indarrean zenez, patronatuak legez ezin zuen prezioen errebisiorik egin, beraz, zerbitzua emateko deialdia egin zuen. 2021eko kontratuarekin alderatuta 47.442 euro (BEZa barne) gehiagoko eskaintza egin zuen Patronatuak. Bitan deialdia egin eta bietan enpresa batek berak ere ez zuen proposamenik aurkeztu. Urte bakarreko deialdiarekin zer gertatzen den erabaki bitartean 2021ean kontratua eskuratu zuen enpresak jarraitzen du elikadura eta garbiketa zerbitzuez arduratzen. 

Aurrekontua 
Adineko egoitzaren aurrekontua igo izanaren arrazoietako bat aipatu zerbitzuengatik izan da. Bestea, patronatuak langileei soldata %2 igo diela. Aita Barandiaran adinduen egoitzak 1.445.853,49 euroko aurrekontua du aurten. Altsasuko Udalak 190.864,81 euroko ekarpena egin dio eta Nafarroako Gobernuak 645.667,23 eurokoa. Azkenik, egoiliarrek 602.361,25 euro jartzea aurreikusi dute, bai itundu gabeko plazetan (kostu osoa ordaintzen dute), bai itundutako plazetan (gehienez 1.460,47 euro ordaintzen dituzte hilean, Nafarroako Gobernuak haien ekarpenarekin aldea estaliz).