Kintoen azken entseguak

Guaixe 2024ko urt. 30a, 11:01

Otsailaren 5etik 10era arte ospatuko dituzten haien festa Altsasuko kintoek, 7an atsedena eginez. Egun horietan, arratsaldero, banan-banan, zortzikoa dantzatuko dute plazan. Dantzak ikasteko ilbeltzeko astegunetan elkartu dira.

Otsailaren 5ean, astelehenean, Santa Ageda egunarekin plazara aterako dira aurrenekoz aurtengo kintoak. 19:00etatik aurrera izanen da. Han, txandaka, zortzikoa dantzatzen hasiko dira otsailaren 10era arte, larunbata. Otsailaren 7an, asteazkena, atseden eguna izanen dute kintoek, eta otsailaren 4an, igandea, Santa Ageda bezpera, mezaren ondoren, 20:00ak aldera, kalejiran aterako dira.

Herriko dantza behar bezala ikasteko ilbeltzaren 8az geroztiko astegun guztietan Burunda frontoian elkartu dira. 21:00etatik 22:00etara zortzikoa, jota eta porrusalda dantzatzen ikasi dute. Aitziber Etxaiz Soria, Edurne Gonzalez Somocurcio eta Nerea Mazkiaran Lopez de Muniain izan dituzte irakasle. Aurten gazteei zortzikoa irakasteaz aparte, 1983ko kintako bost emakumezkori ere irakatsi diete zortzikoa. Haiek ere dantzatuko baitira Santa Agedan. 

Kintoen dantza entseguak ez ditu galtzen Luis Mari Lopez de Goikoetxea Sueskunek, hamarkadetan  kintoen dantza irakaslea izandakoa. Harekin batera makina bat altsasuarrek betetzen dituzte harmailak, kintoen dantza trebezia aztertzeko. Ikusleak adin guztietakoak dira, baina gazteak dira nagusi.