Astekaria

Kulturaren 'hackeoa'

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2024ko mar. 4a, 08:25

'Badon' antzezlanaren une bat. UTZITAKOA

'Badon* opera posdramatikoa' ikuskizuna aurkeztu zuten martxoaren 1ean, Iortia kultur gunean. Korrika Kulturalak sustatutako obra bat da, euskal kulturaren  "errebisiotik" sortutakoa. Hainbat diziplina uztartzen ditu.

Zer da Badon? "Hori da mundu guztiak egiten duen galdera, eta guk gure buruari egin dioguna". Xanti Agirrezabala Badon* opera posdramatikoa antzezlaneko antzezletako bat da. "Sormen prozesu handi bat dauka atzetik Badon proiektuak". Korrika Kulturalaren barruan mustu dute "euskal plazaren inguruko errebisioa" bezala definitu duten obra, eta martxoaren 1ean, Iortia kultur gunean izan zen.

Badon proiektua bi fasetan banatu zela esan du Agirrezabalak: "Lehenengoa espekulazio fasea izan zen eta bigarrena prototipazio fasea". Lehenengo fasean euskal plazaren inguruko errebisio bat egiteko prozesua zabaldu zuten, "eta Euskal Herriko sortzaile pila batek parte hartu zuten gai horren inguruan gogoeta batzuk eginez". Hortik ateratako informazioarekin hurrengo fasera pasa ziren, prototipazio fasea: "Korrika Kulturalerako estreinatu zen ikuskizun hori ontzen egon gara beste lan talde bat". 

Korrika Kulturalaren ekitaldi nagusiena da Badon* opera posdramatikoa. "Korrika bekaren laguntzarekin egin da proiektua, eta lehenengo ere Korrika izan zen lehenengo sosak eman zizkigunak Mauriziak ez dau inor hil eta hau guztia sortzeko". Proiektuan hainbat diru laguntza eta erakunde gehiago sartu direla azaldu du antzezleak. "Pieza handitzen eta handitzen joan da, eta sobredimentsio handia hartu du, opera dimentsio hori". 

Opera izan da sortzaileen "lanerako markoa". Arte guztiak barnebiltzen dituen artelan handi bat bezala definitu du Agirrezabalak opera, "bertan biltzen delako musika, antzerkia, dantza, arkitektura edo eskultura...". Arte oso horren kontzeptua hartu zuten eta buelta bat eman zioten: "Ez da opera klasiko edo liriko bat, opera esanda burura etortzen zitzaidan hori. Bagenekien musika egongo zela, baina ez zen kontzertu bat; testuak garrantzia izango zuela, baina ez zen antzerki narratibo klasiko bat, eta amu gisa opera deitze hori erabili dugu opera bera ere hackeatzeko eta moldatzeko". Badonen lanabes handiena "hackeoa" izan dela esan du antzezleak: "Euskal kulturaren hackeoa, operaren hackeoa, baita eszenarioarena edo plazarena ere". 

Opera posdramatikoa
Badon* opera posdramatikoa-k diziplina desberdinak biltzen ditu: "Taula gainean bost interprete daude, horien barruan antzerki mundutik gatozenak gaude: Ainara Gurrutxaga, Amaia Irazabal (Marina Suarez ordezkatzen ari dena) eta ni. Ines Osinaga ere taulan dago, musikan esperientzian duena eta Oihana Vesga dantzaria da". Bost antzezleak ez ezik, musikak garrantzia handia duela esan du Agirrezabalak, "baina batez ere arte bisuala eta proposamen plastikoa oso garrantzitsua da. Zuzeneko proiekzioak egiten dira, Itziar Garalucek egiten duena".  

Euskal historiaren berrikuspen bat da, "kosmosetik eta Big Bang batetik abiatuta"

Baina, orduan, zer da Badon? "Horrelako bidaia bat proposatzen du antzezlanak, bost ekitalditan zehar bost koadro agertzen dira. Koadroetan banatuta dago antzezlana, eta koadro bakoitzak kolore bat dauka, eta kolore bakoitzak esanahi bat dauka". Euskal historiaren berrikuspen bat dela esan du antzezleak, "kosmosetik eta Big Bang handi batetik abiatuta: landareria, animalien mundu nola sortu zen, gero gizakia eta hortik mundu espirituala". Bidaia hori kolore bakoitzaren zehar egiten da eta kolore bakoitza gai bat da: "Hor aurki ditzakegu euskal erreferenteak. Baina zer da euskal eta zer ez da euskal". Kantak, tonuak, koplaren bat eta musika elektronika eta gauza "bisual" asko aurki daitezke. "Publikoarentzako inmersio bat da, non ikusi eta entzuteaz gain, saiatu izan da usaimenean eta dastamenean ere eragina izaten". Arte "oso bat" planteatzen du Badonek.  

Badon* opera posdramatikoa proposamen "desberdin" bat da. "Berritzailea esaten ere ausartuko nintzateke. Euskaraz eta euskaratik sortua; euskaldunak gara eta guretik egin dugun zerbait izan da". Euskal eszenan erraz topatu ezin daitekeen gauza bat dela esan du Agirrezabalak. "Ez da narratiba bat non istorio bat eta pertsonaiak jarraitu behar diren". Esperientzia "sentsorial" bat dela nabarmendu du antzezleak. "Ikustera etortzen denari gomendatuko nioke ahalik eta modu irekienean etortzea, eta erlaxaziotik gozatzea". Sentsorialitate aldetik, zer entzuten eta ikusten den kontuan hartuta, sakandarrek "sorpresa polita" eramango dutela gaineratu du.