Ikasketa berria Sakana Lanbide Heziketa institutuan

Guaixe 2024ko mar. 25a, 09:00
Sakana Lanbide Heziketa institutua. ARTXIBOA

Heldu den ikasturtean goi mailako Automatizazio eta Industria Robotikako teknikari ikasketa izanen da.

Sakana Lanbide Heziketa institutuak ziklo berria eskainiko du: automatizazioko eta industria robotikako goi-mailako teknikari ikasketak, gaztelaniaz. Departamentutik azaldu dutenez, Sakanako Enpresen Elkarteak eskatu zituen ikasketok. Mari Jose Oiarbide Izagirre ikasketa buruak azaldu duenez, "ikasketa berrian 20 ikaslek eman dezakete izena. Gainera, beste bi plaza daude ikasketekin lotura duten profesio ziurtagiria dutenak sartzeko. Beraz, 22 ikasle hartuko ditu". Gaur egun ikastetxean 200 bat ikasle ari dira ikasten. 

Inbertsioa
Departamentuko Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiak kalkulatu du gutxi gorabehera bi milioi euro inbertituko dituela Nafarroako Lanbide Heziketako ikastetxeen sare publikoko ekipamenduetan eta digitalizazioan. Sakana LH institutuak 202tik badu teknologia aplikatuko gela bat, Ateca gela. "Han puntako teknologia dugu", azaldu du Oiarbidek. Heldu den ikasturterako beste bat izanen du. "Hori industria ikuspegira bideratuta" egonen dela jakinarazi du ikasketa buruak.  

Bestalde, Sakana LHko ikastetxeak dagoeneko gaikuntza gela digital bat du (MRR programa). Oiarbidek azaldu duenez, "gela digitalizazio prestakuntza emateko baliagarria eta sakandarrei zuzenduta dago. Guk ikastetxe gisa eskaintza antola dezakegu, baina gela erabiltzeko eskaerak egin daitezke ere. Esaterako, irakasleek beraien burua trebatzeko saio bat egitea. Edo guraso elkarteak teknologia berrien eta seme-alaben arteko erlazioaz aritzeko. Edo enpresa edo elkarte profesionalek ere erabili dezakete gela". Horretarako, gela erabiltzen interesa duenak eskaera egin behar dio institutuari, hark aztertu eta erantzuna emanen du. 

Izena emateko epeak
Erdi-mailako eta goi-mailako zikloetan izena emateko epea apirilaren 29tik maiatzaren 10era bitartekoa izango da. Oinarrizko Graduko zikloetarako izen-ematea maiatzaren 13tik 17ra izango da. Eskaintza modular, birtual eta espezializazio-ikastaroetarako izen-ematea irailaren hasieran egingo da.

Sakana LH Institutuaren eskaintza
Oinarrizko Lanbide Heziketa

Merkataritza zerbitzuak.

Lanbide Heziketa berezia

Merkataritzako Zerbitzu Orokorretako laguntzailea (elebitan).

Erdi mailako zikloak

Mantentze lan elektromekanikoa.

Soldadura eta galdaragintza (ikasketa duala).

Mendekotasun egoeran dauden pertsonei laguntza (euskaraz).

Mikroinformatika sistemak eta sareak (ikasketa duala, euskaraz).

Goi mailako zikloak

Industria Mekatronika.

Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioa (ikasketa duala).

Haur Hezkuntza (euskaraz).

Automatizazioa eta industria robotika.

Araubide bereziko kirol ikasketak

Mendi ertaineko teknikaria.

Eskalada teknikaria.

Ziurtagiriak

Lanean ari diren langileak titulazioa lortzeko profesio ziurtagiriak lortzeko ikastaroak.

Gaitasun kreditazioa

Lan esperientzia eta arautu gabeko trebakuntzaren bidez eskuratutako gaitasunak ofizialki aitortzeko aukera.