Txirrindulariak

Ekain Imaz eta Iker Gomez, Altsasuko Erramu Trofeoko Top 15ean

Txirrindulariak 2024ko mar. 25a, 10:00

Alimco Campagnolok kontrolatutako lasterketan Imaz zazpigarren sailkatu zen eta Iker Gomez hamahirugarren. Gomezek tartekako helmugen saria irabazi zuen.

Altsasu Kirol Elkarteak martxoaren 24an antolatutako LXV. Erramu Trofeoa Alimco Campagnolo talde gasteiztarrak kontrolatu zuen. Lasterketak 101 km zituen, eta txirrindulariek hiru aldiz gainditu behar izan zuten Altamira portua. Mugimendu handiko lasterketa izan zen, baina Alimco Campagnolok ez zuen sorpresarik nahi izan, eta talde bereko lau txirrindulari sailkatu ziren lasterketako lehen lau postuetan, Iker Colmenero buru zela (2:12:00). 4 segundora sartu zen taldetxoan Hodei Muñoz, Facundo Nicolas Ambrossi eta Ibai Villate bere taldekideak zeuden aurrean. Talde horretan ere zegoen Ekain Imaz altsasuarra. Imazek Burunda kluba utzi du eta aurten Tolosa/ Danena taldean ari da. Zazpigarren sailkatu zen Erramu Trofeoan. 

Iker Gomez Lopez de Goikoetxea (Quesos Albeniz) hamahirugarren iritsi zen helmugara, txapeldunetik 10 segundora. Altsasuarrak ezin izan zuen martxoaren 3an Altsasuko Udaberri sarian lortutako garaipena berretsi, baina tartekako helmugen txapelketa irabazi zuen. Quesos Albeniz taldeko gainontzeko sakandarrei dagokienez, Mikel Viloria 45. sartu zen, Eñaut Oiarbide 58. eta Iker Begiristain 76.

Lasterketako talderik onena Alimco Campagnolo izan zen, eta mendiko txapelketa talde horretako Ekhi Uriartek irabazi zuen.