Txirrindularitza

Iker Mintegi, Itzulirako aurre zerrendan

Guaixe 2024ko mar. 27a, 10:20
Iker Mintegi, eskuinean, Guggenheimeko aurkezpenean egon zen. UTZITAKOA

Jorge Azanzak aurki aukeratu beharko du Sakanan geldialdia egingo duen World Tour mailako lasterketako zazpikotea

Euskaltel Euskadik Itzulirako aurre zerrenda aurkeztu zuen martxoaren 26an Bilbon, Guggenheim museoan. Jorge Azanzak prestatutako aurre zerrendan bederatzi txirrindulari daude: Aberasturi, Gotzon Martin, Iker Mintegi, Berasategi, Fouché, De la Parte, Juaristi eta Enekoitz Azparren. Zerrenda horretatik zuzendari altsasuarrak Itzulian parte hartuko duten zazpi txirrindulariak aukeratuko ditu, eta erabakia egunotako lasterketak jokatu eta gero hartuko du. 

Teknikari altsasuarrak lau txirrindulari ziurrak direla azaldu zuen aurkezpenean: De la Parte, Aberasturi, Juaristi eta Gotzon Martin. Beste hiru zeintzuk izango diren erabaki beharko du. Eta hor izan dezake bere aukera aurten talde laranjan debutatu duen Iker Mintegi txirrindulari altsasuarrak. “Mintegi huts egiten ez duen txirrindularia da. Handicapak oso gaztea dela, eta World Tourrean esperientzia ez duela da. Azkenean joaten ez bada ere, bertan egoteko merituak egin ditu. Taldeak eskatu diona eman du beti, eta maila ona eskaini du” azaldu zuen Jorge Azanzak Iker Mintegiri buruz. 

Egun, UCI rankingean 44. postuan dago Euskaltel Euskadi (235 puntu), estatu mailako gainontzeko Pro Team taldeak baino beherago. Rural Kutxa-Seguros RGA 25. da (776 puntu), Burgos BH 27. (615 puntu) eta Kern Pharma 31. (406 puntu). Hori dela eta, Itzulia inflexio puntua izatea nahi du Azanzak. “Taldea ongi ari da, baina emaitzak ez dira nahi izango genituzkeenak. Nolanahi ere, orain arteko maila onean jarraitu beharra dugu, egun politak iritsiko direlako”. Horregatik, “Itzuliko ihesaldietan sartzea eta etapetan borrokatzea” espero du teknikari altsasurrak. “Gure aukera itxarongo dugu”. 

Marea Laranjari keinua
Ekitaldi berean, Marea Laranjaren elastiko berritua aurkeztu zuen talde laranjak, eta Euskal Herriko zaleei Itzulian taldea animatzeko deia egin zien. Bide batez, ekitaldia ETBk eta Euskaltelek Marea Laranjari buruz udazkenean mustuko duten dokumentala aurkezteko probestu zuten.