Errepublika aldarrikatu dute

Guaixe 2024ko api. 16a, 11:44
Errepublikaren aldeko ekitaldiko parte hartzaileak.

Altsasun egindako ekitaldian Errepublikaren balioak aldarrikatu zituzten.

Bigarrenez 1931ko apirilaren 14an aldarrikatu zuten Errepublika Espainian. Efemeride hori gogoan, errepublikaren aldeko ekitaldia egin zuten 93. urteurrenean. Frankismoaren soldadu langileen batailoietan ibilitakoen omenez udaletxe parean dagoen eskulturaren ondoan egin zuten ekitaldia. Arturo Carreño Parrasek hartu zuen hitza eta nabarmendu zuenez, "1936ko militarren estatu kolpeak 40 urterako pobrezia, miseria eta sumisioa ekarri zituen". 

Gaur egungo errealitateari erreparatuta, Carreñok adierazi zuenez, "1978ko konstituzioa dugu, baina monarkia parlamentarioarekin, aurrerabidea eta erabateko demokrazia ez daude erabat finkatuta". Gaineratu zuenez, "ustelkeria eta Kongresuko eta Senatuko zirku eta teatroak Espainia guztiaren barregarri dira. Gainera, Sanchezen gobernuaren kontra gogor jotzen du oposizioak". Nazioarteko egoera ere izan zuen hizpide: "Ukraina eta Gazako gerrek nazioarteko erakunde guztiak (NBE, Europar Batasuna, Nato...) desgastatzen ditu. Israelek ez du mugarik, eta egunero ehunka palestinar hil eta zauritzen ditu, osasun arta eta botikarik gabe". Sahara ere gogoan izan zuten.