Itaiak indarkeria matxista salatu du

Guaixe 2024ko api. 17a, 10:29
Itaiak indarkeria matxistaren kontra egindako elkarretaratzea.

Bi neskek jasandako sexu erasoak "irmoki" salatu ditu emakumezkoen antolakunde sozialistak.

Sakanako Itaiak, emakumezkoen antolakunde sozialistak, deituta, Indarkeria matxista orori aurre egin lelopean kontzentrazioa egin zen Altsasuko udaletxe parean. Hasiera batean eraso bakarra salatzekoak ziren: gizonezko sakandar bat bere 9 urteko lehengusina bortxatzen saiatu izana. Itaiak jakinarazi duenez, gizonezkoari behin-behineko espetxe zigorra ezarri diote. Baina atzo bertan jakin zen 13 urteko neska bati ukituak egiteagatik beste gizonezko bati bi urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri diotela. 

Itaiako kideek "babes eta elkartasun osoa" adierazi diete erasotuei eta ingurukoei. Antolakunde sozialistatik gaztigatu dutenez, "gertaera isolatua izatetik urrun, indarkeria matxistaren beste kasu latzen aurrean gaude". Gaineratu zutenez, "inoiz baino ozenago diogu ezinbestekoa dela eraso ororen aurrean erantzun eraginkorrak hedatzea, horiek gauzatzen dituzten figurak seinalatzea eta egoera horietatik askatzeko baliabide ekonomiko eta sozialak garatzea".

Itaiatik gaineratu zutenez, "norabide horretan ekarpena egiteko, indarkeria matxistari aurre egiteko asanbladetan parte hartzeko deia luzatzen dugu". Indarkeria matxistari aurre egiteko antolatzeko deia egin zuten.