Osasun langileek Palestinako "sarraskiaren akabera" eskatu dute

Guaixe 2024ko api. 18a, 11:46
Osasun etxearen atean langileak eta altsasuarrek egin dute bilkura.

Palestinako osasun lankideei babesa adierazi diete. Izan ere, "pazienteak zaintzen bizitza uzten baitute, Israelek hiltzen dituen bitartean".

Su-etenaren Aldeko Nafarroako Osasun Langileak, NASAFek, deituta Altsasuko osasun etxearen parean bilkura egin da. Elkarretaratze horren bidez, Gazan berehalako su eten iraunkorra, laguntza humanitarioa sartzea, Nazioarteko Giza Zuzenbidea eta Nazio Batuen Erakundearen (NBE) ebazpenak errespetatzea eta Palestina osoan apartheid sistema bukatzea eskatu zuten osasun langileek eta hainbat herritarrek.

NASAFetik salatu zutenez, "hemendik infernu hura gelditzeko ez da deus egiten. NBEko Segurtasun Kontseiluak ia sei hilabete behar izan ditu su-eten eskaera adosteko. Israelek eskaerari kasu egin gabe, dena berdin jarraitzen du". Nabarmendu zutenez, "mendebaldeko hedabide nagusiek ezartzen dizkieten argibideak jarraitzen dituzte, 'genozidio', 'garbiketa etniko' edo 'lurralde okupatu' hitzak saihestuz". 

Gaztigatu zutenez, "Israelek ondoko herrialdeak bonbardatzen ditu, eta tentsio-igoera bat hasten da haien artean, Ekialde Ertain osoan gatazka bat sortzeko aukera irekitzen duena". Kezkaz ikusten dute "inork Israeli mugarik ez" jartzea. “Israelek duen botere ekonomikoak gehiago agintzen du, Giza Eskubideek, Nazioarteko Zuzenbideak edo Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioak baino”, azaldu dute penatuta.

Zerbait egin dezakegu
Gogoratu dute Hegoafrikak apartheida garaitzeko ezinbestekoa izan zela Boikot, Desinbertsio eta Zigorren estrategia. Horretan oinarrituta, 2005ean erakunde palestinarrek proposamen bat egin zioten munduari. Hegoafrikako esperientzian oinarrituz BDS estrategia abian jarriz. NASAFetik kanpaina horrekin bat egitera deitu dute eta "genozidioa eta apartheida laguntzen duten produktuak" erosteari uko egitera deitu dute. 

Bide horretan, osasun arloan, Teva markako sendagaiak baztertzea proposatu dute. NASAFetik azaldu dutenez, "Teva Israelgo farmazialari nagusiena eta munduko generikoen ekoizle nagusia da. Gainera, diru sarrera fiskal handiak ematen dizkio Israelgo Gobernuari, Gazako operazio militarrak finantzatuz eta Zisjordanian eta Ekialdeko Jerusalemen legez kanpoko kolonizazioa garatzen lagunduz. Kontuan izan behar dugu Israelgo gastu publikoaren %13.25 armagintza dela". 

NASAFek gogorarazi du Palestinako genozidioaren akabera exijitzeko manifestazioa eginen dela Iruñean, Golem zinemetatik abiatuta, apirilaren 21ean, igandean, 12:00etan. Bertan parte hartzera deitu du. Egun berean estatuko 80 hiritan baino gehiagotan eginen dira antzeko mobilizazioak. 

Bideoak, eta salaketa
NASAFek osasun-arloko profesional askok parte hartzen duten bi bideo argitaratu ditu, bat gaztelaniaz eta beste bat euskaraz gehienbat. Horiek ikusteko gonbidapena egin dute. Aldi berean, salatu dutenez, "ilbeltzean beste bideo bat egin genuen beste osasun profesional askok parte hartu zuten su-etena exijituz. Duela gutxi bideo hori Youtubeko kanaletik desagertu da, inolako baimenik, abisurik eta informaziorik gabe".