Xakea

Arratsalde bat Espejon

Maider Betelu Ganboa 2024ko api. 24a, 14:00
Espejon xakean jokatzera biltzen direnetako batzuk. Garriga, Castellano, Anton, Cerro, Gonzalez, Iturrioz, Insausti eta Arce.

Altsasuko Foru Plazako taberna Sakanako xakelarien topalekua da. Betiko xakelariei Santi Gonzalez batu zaie, sei aldiz Euskal Herriko xake txapelduna dena. Gonzalezek bizia eman die, eta berarekin asko ikasten ari direla agerikoa da

Ismael Antonek Espejo tabernaren kudeaketa hartu zuenetik, Altsasuko eta Sakanako xakelarien topagunea da Altsasuko Foru Plazan dagoen taberna. Ismael xake zale amorratua da, eta Legazpi Xake Taldeko xakelaria. Arratsaldero xakelari kuadrillatxo bat hurbiltzen da Espejora. "Kafea hartzera biltzen gara, eta berehala xake taula eta piezak ateratzen ditugu eta egunero jokatzen dugu partidaren bat" dio Juan Andres Cerrok. 

Bertan biltzen dira, ia egunero, Sakanako Zaldi Beltza taldeko Juan Andres Cerro, Mikel Castellano, Victor Barriga eta Juan Jose Arce. Tarteka talde bereko Sebastian Insausti, Koldo Flores, Cesar Razkin eta Jose Angel Arregi batzen zaizkie. Baita Aitziber de Miguel ere, noizean behin. Jakina, etxeko nagusia, Ismael Anton, bertan izaten da, eta beste bi xakelari bildu dituzte taldera, sarritan Espejoko hitzorduetara batzen direnak: Santi Gonzalez xakelari bilbotarra, Donostiako Gros Xake Taldekoa, Euskal Herriko Banakako Xake Txapelketa sei aldiz irabazi duena, eta Iker Iturrioz gazte altsasuarra, aurten Nafarroako Kirol Jokoetako 14 urtez azpikoan Banakako Nafarroako Xake txapeldunordea izan dena eta Oberena taldekoa dena.

Bistan dagoenez, gehienak gizonak dira. "10-11 urte bete baino lehen, neskak eta mutilak paretsu ibiltzen dira xakean. Maila ere, berdina izaten da. Baina 12-13 urterekin emakumeak bereizten dira; gehienek uko egiten diote xakeari, soilik talde txikiren bat mantentzen da". "Emakumeak ez omen dira horren lehiakorrak, hori esaten da" dio Barrigak.

Juan Andres Cerro: "Egunerokoan partida azkarrak jokatzen ditugu Espejon. Lehiaketak beste mundu bat dira. Xakelari onak talentua izan behar du, adimena".

ELO puntuazio sistema
Sakanako Zaldi Beltzako xakelariak gehienbat Nafarroako Xake Txapelketetan edo Nafarroako torneoetan lehiatzen dira, tartean Sakanakoan. Ismael Anton Legazpi taldearekin Gipuzkoako Txapelketan lehiatzen da, eta baita bestelako torneoetan ere. Santi Gonzalez beste maila batean dago, maila gorenean. Xakelari baten maila ELO puntuazio sistemak zehazten du. Finean, matematika metodoa da ELO sistema, kalkulu estatistikoan oinarritutakoa, eta Hungariako jatorria zuen Arpad Elo irakasle eta fisiko estatubatuarrak asmatu zuen. ELO sistemari jarraiki, Cerrok 1.679 puntu ditu, Mikel Castellanok 1.700, Victor Barrigak 1.680, Iker Iturriozek 1.700 (azken urtean 200 puntu baino gehiago lortu ditu), Sebastian Insaustik 1.800, Ismael Antonek 1.695 eta Santi Gonzalezek 2.405. "Apirilaren 7an Euskal Herriko Banakako Xake Txapelketan parte hartu nuen eta zortzi puntu galdu nituen. Zortzi urte neramatzan jokatu gabe, eta asko nabaritzen da".

Talentua
Santi Gonzalez bilbotarra da, baina Sakanan bizi da. Fisikaria eta ekonomista da, Aldakin enpresako robotika arduradunetako bat. Eta, jakina, bera ere xakelaria da. Sei aldiz Euskal Herriko banakako txapelduna, Euskal Herrian aktiboan dauden xakelarien artean txapelketa gehien dituena da. Mario Gomezek bederatzi txapelketa ditu, baina jada ez du jokatzen. "Altsasura lanera etorri nintzenean behin Ismaelekin egin nuen topo. Berak ni ezagutzen ninduen. Behin Bilboko Grand Slam final bat ikustera joan omen zen alabarekin, eta ni komentarista lanetan nengoen Leontxo Garciarekin. Hitz egiten hasi, eta berehala Espejora etortzen hasi nintzen".

Xakean jokatzeko azkarra izan behar ote den galdetuta, "edozeinek" joka dezakeela uste du bizkaitarrak. "Edozein izan daiteke xakelaria. Lan egiten baduzu eta orduak sartzen badituzu maila handia izango duzu, baina maila gorenean desberdintasunak berezkoak dira. Hau da, hor nabaritzen da nor den, berez, jenio bat eta nor ez" dio Gonzalezek. Iritzi berekoa da Sebas Insausti. "Xakea, berez, ez da zaila. Edonork jokatu dezake. Ongi jokatzea, hori beste gauza bat da. Xakean buruak funtzionatu behar du, eta jokalari ona denak burua ere oso-oso ona du". Cerrok ere argi du. "Xakelari onak talentua izan behar du, adimena".

Xakeak harrapatuta
Xakeak harrapatuta du Espejoko kuadrilla. "Xakearen abstrakzioak berak lotzen zaitu gehien. Nahiz eta xakean etengabe ikasi, ez duzu guztia goitik behera kontrolatzen. Ezinezkoa da xakea kontrolatzea" dio Cerrok. Xakea buruko jokoa denez, norberaren animoak eragina du. Ez da komeni oso urduri edo oso lasai egotea, "aktibatuta" baizik. Oso urduria den pertsona xakelari ona izatea zalantzan jartzen du Gonzalezek. "Ez dut uste xakelari ona izango denik. Xakean asko pentsatu behar duzu, eta erabaki batzuk hartzeko super hotza izan beharra duzu, erabaki gogorrak hartu behar baitira. Normalean nerbioen kontrako borroka bat da xakea, erabakiak hartzeari eta denbora kontrolatzeari begira".

Espejon partida azkarrak jokatzen dituzte, Sakanako Xake Txapelketan jokatzen direnen antzekoak. "Horregatik tabernako builak ez digu molestatzen. Ez dira partida luze horietakoak" gaineratu du Cerrok. Partida luze batek orduak eta orduak iraun ditzake. "Apirilaren 6an, Euskal Herriko Banakakoan 10 orduz jokatu nuen xakean, 5 ordu goizez eta beste horrenbeste arratsaldez. Ez nuen Athleticen finaleko bigarren zatia ikusi, pentsa. Eta, gainera, bi partida berdinduta bukatu nituen" azaldu du Gonzalezek.

Ismael Anton: "Santi Gonzalezek pilak jarri dizkigu. Berarekin xakean asko ikasten dugu"

Gonzalez, EH-ko Banakakoan
Gonzalezek aitortu duenez, "txarto" jokatu zuen Euskal Herriko Banakako Xake Txapelketan. Zortzi urte zeramatzan banakakoan jokatu gabe, "lanarengatik. Ez nuen Banakakoa prestatzeko denborarik. Soilik Euskal Herriko Taldekako Txapelketan lehiatzen naiz, Donostiako Gros Xake taldearekin". 2001 urtetik da Gros taldeko kidea. "Talde ona da". Taldekakoa urtero jokatzen du. "Taldekakoan, sendo edo solido jokatzen baduzu, ez da beharrezkoa hainbeste partida irabaztea. Baina banakakoan helburua irabaztea da, eta horretarako arrisku gehiago hartu behar dituzu. Hori egiteko dena kontrolpean izan behar duzu, kalkuluak oso onak eta oso zorrotzak izan behar dira, irekiak ere oso zorrotzak... dena super zorrotza izan behar da, eta hori egin ahal izateko pila bat ikasi beharra duzu".

Euskal Herriko Banakako Xake Txapelketako buelta "oso polita" izan zen Gonzalezendako. "8 urte ondoren aspaldiko lagunekin topo egin nuen; afaltzen egon ginen, pasadizoak kontatzen, oso gustura. Gainera, xakean asko ikasi nuen". 24 xakelarik jokatu zuten finala. Horietatik erdia duten mailarengatik zegoen sailkatuta, zuzenean, eta hori zen Santi Gonzalezen kasua. Gainontzekoak Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako Xake Txapelketetan finalerako txartela lortu zutenak. "Txapelketa hasieran ni bosgarren nintzen, baina azkenean bederatzigarren sailkatu nintzen. Hori, niretako, txarto da. Baina ez nuen aurreikuspenik, denbora asko neramalako Banakakoan lehiatu gabe. Niretako gehiago zen sentsazioak berreskuratzea, eta alde horretatik, oso ongi". Esan bezala, ELOan 8 puntu galdu zituen Santik. "Berriro Banakakora lotuko naizen? Ez dakit, hausnarketa egin beharra dut, mailari eutsi eta hobetzeko xakean zenbat denbora sartu beharko nukeen aztertu... izan ere, maila onean egon nahiko nuke".

Iker Iturrioz, gazteena
Jende gaztea xakean hastea kostatzen da, baina atzetik ba omen datoz batzuk. Espejoko kuadrillan gazteena Iker Iturrioz altsasuarra da. "Konfinamenduan hasi nintzen xakean. Aurretik piezak mugitzen banekien, baina ezer gutxi. Nire kabuz xakea ikasten eta gaiari buruz irakurtzen hasi nintzen, eta Oberena klubean sartu nintzenean eman nuen lehiatzeko pausoa". Espejokoek "oso ongi" zaintzen dutela dio. Nafarroako Kirol Jokoetan (NKJ) 14 urtez azpiko Banakako txapeldunordea izan da aurten Iturrioz.

Tarteka Santi Gonzalezekin geratzen da, jokaldiak ikusteko. "Santirekin asko ikasten da, beti". Hain zuzen ere Euskal Herriko Banakakoan jokatutako partidak erakustera hurbildu zitzaien Gonzalez ostegunean, apirilak 11, Espejora. "Txapelketako partidak elkarrekin errepasatu nahi ditut. Kontatuko diet zer pentsatu nuen, nola jokatu nuen... Partidak analizatuko ditugu, taulei konponbideak bilatu, partidak ordenagailuarekin analizatu... Xakeari denbora pilo bat eskaini behar zaio".

Nafarroako txapeldunordea denez, uztaila aldean Salobreñan jokatuko den Espainiako Banakako 14 urtez azpiko Xake Txapelketan parte hartuko du Iker Iturriozek. Santi Gonzalez joango da berarekin, entrenatzaile gisa. Eta ondoren, Almerian, Espainiako Taldekako Txapelketan parte hartuko du, Nafarroarekin. Ismael Antonek Taldekako Gipuzkoako Xake Ligari ekingo dio berehala, eta Santi Gonzalezek, beste hitzorduen artean, abuztuan Espainiako lehenengo mailako Taldekako Xake Txapelketan parte hartuko du bere taldearekin Linaresen (Jaen).

Santi Gonzalez: "Banakakoan helburua irabaztea da, eta horregatik arrisku gehiago hartu behar dituzu; horretarako, asko ikasi behar da"

Ordenagailuak eta beste
Xakea geroz eta gehiago jokatzen da interneten. "Bereziki pandemiaren ondotik. Aurreko astean xake txapelketa bat ikusten egon nintzen Menorcan. Madrilgo David Martinez "el Divis" laguna zegoen komentarista, eta une batean esan zuen: "gomendatzen dizuet xakean presentzialki jokatzea, gehienak soilik online jokatzen duzuelako. Online jokatzen da gehiago presentzialki baino". Iritzi berekoak dira guztiak. "Lichess.org webgunean sartu eta agian 100.000 xakelari baino gehiago daude une horretan jokatzen" dio Antonek.

1996an ordenagailu batek lehenengoz irabazi zion gizaki bati, Gari Kasparovi. "Justu-justu, baina makinak irabazi zuen. Zentzu horretan, ordenagailuak asko hobetu dira. Egun, xake modulu belaunaldi berria dago, programa informatiko garatuak, xakean ikasteko Adimen Artifiziala erabiltzen dutenak. Alpha O-k, partikularki, oso ongi jokatzen du xakean" azaldu du Gonzalezek. Behin jokatu du berarekin. Normalean bere jokoa hobetu eta aztertzeko motor bat erabiltzen du bizkaitarrak. "Gaur egun motorren maila pertsonena baino handiagoa da. Ez da gizakion bukaera, makinek sormenik ez dutelako, ideiak ez dituztelako... baina oso ongi kalkulatzen dute". Berak erreminta gisa erabiltzen ditu. "Entrenatzen dudanean, partida nondik jo dezakeen pentsatzen dut, eta ordenagailuari xehetasun konkretuak kalkulatzen uzten diot. Talde bat bezalakoa gara. Non bilatu behar duen eskatzen diot, eta makinak nik dudan ideiaren erantzuna ematen dit. Horrela, erantzun horrek funtzionatzen duen edo ez ikusten dut. Finean, fisikako problema batean kalkulagailua erabiltzea bezalakoa da".

Beste mundu bat da. "Oso ezberdina da Santiren maila eta bere txapelketak edo Espejora partida bat jokatzera etortzea. Hemen jokatzeko ez dugu ordenagailua erabiltzen. Bi mundu dira" aipatu du Mikel Castellanok. Nolanahi ere, txapelketek beti lehia dakarte eurekin. "Norberak bere mailan jokatu nahi du, eta kirol emaitza ona lortu, ELO sailkapenean gora egitea", Gonzalezen esanetan.

Zaldi Beltza, lehenera igotzear
Zaldi Beltza taldea Nafarroako Taldekako Txapelketan lehen mailara igotzear egon da aurten, baina ezinezkoa izan da. "Talde bakoitzak sei xakelari ditu, baina zenbait saiotan hiruzpalau egon gara jokatzen. Hortaz, Taldekakoan puntu askok ihes egin digute horrela" aipatu du Insaustik. Zenbait urtetan lehen mailan jokatu zuten Zaldi Beltzekoek, "eta lehen mailan joka genezake; maila badugu, baina jende faltagatik geratu gara igotzear". Taldea zabal-zabalik dagoela gogorarazi nahi diete sakandarrei. "Gustura hartuko genuke jende berria".

Mikel Castellano neguko Nafarroako Banakako txapelduna izan da. "Mikelek asko egin du aurrera; Taldekako Ligan ere oso lan ona egin du" nabarmendu du Gonzalezek. "Guztia Santiren errua da" erantzun du, irribarrez, Ismael Antonek. "Santik pilak jarri dizkigu. Partidak jokatzera etortzen denean, egunero ari direnak askoz ere gehiago ikasten dute". Argi dagoena da Gonzalezi esker Espejon biltzen diren xakelariek salto kualitatiboa eman dutela. "Noizean behin Santirekin jokatzera etortzen naiz, oso gustura. Disfrutatzen da" gaineratu du Insaustik. "Hor dago Ikerren adibidea. Duela urte bat justu-justu zekien xakean jokatzen, eta orain ia guztiei buelta ematen digu. Horrela dago gauza, argi eta garbi" dio Ismaelek. Iker Iturriozek irribarre egiten du. "Asko ikasten dut Santirekin". "Oberenan ere irakasle onak ditu" erantzuten du aipatutakoak. Ismael, lana dela eta "nahi baino gutxiago" aritzen da xakean. "Torneoetan eta Gipuzkoako Taldekako Txapelketan bai. Eta interneten, hor ibiltzen naiz, 3 minutuetako partida horietan".

Carlsen eta bestelakoak
Gustuko duten xakelariez galdetuta. Antonek Magnus Carlsen munduko txapeldunaren alde egin du.  Baita Garrigak ere. Carlsenek 20 urte daramatza munduko txapeldun. “Egun, teoria dakien bakarra da, eta zerbait berria egiten saiatzen den bakarra”. Cerrok Mijail Botvinnik errusiarra du gustuko, “egungoetatik, ezta bat ere. Eskola zaharrekoa naiz”. Izan ere, xakea “oso teknikoa” bihurtu da. “Ordenagailuarekin eta motorrarekin guztia da oso teknikoa, eta Cerrok ez du gustuko” dio Gonzalezek. Berak Gari Kasparov aipatu du. “Borrokalari petoa” da. Iturriozek Bobby Fisher eta Mijail Tal aipatzen ditu, eta Arcek Jose Raul Capablanca. 

Ateak zabalik
Espejoko xakelariek ez dute eguneko hitzorduari muzin egiteko inolako asmorik. "Gustura gabiltza xakean, ongi pasatzen dugu. Nahi duena etor dadila ikustera edo jokatzera, lasai asko. Eta animatzen denarendako, Zaldi Beltza taldeko ateak zabal-zabalik daude".