Musika eta Dantza Eskolan izena emateko epea zabalik dago

Guaixe 2024ko api. 30a, 11:16

Musika eta Dantza Eskolaren eraikina. ARTXIBOA

Matrikula epea gaur ireki da, eta maiatzaren 22a arte egongo da zabalik.

Altsasuko Udaleko Musika eta Dantza eskolan izen ematea zabalik dago maiatzaren 22ra arte. Izena aurrez aurre eman nahi duenak eskolako idazkaritzatik pasa beharko du, astelehenetik ostegunera 15:00etatik 20:00etara. Matrikula online egiteko aukera ere badago altsasu.eus udalaren-musika-eskola webgunean sartuta. Zalantzaren bat duenak 948 564 581 telefono zenbakira hots eginez argi dezake. 

Eskolaren eskaintza honako da: euskal dantza, 3 eta 6 urte artekoendako musika eta mugimendua eta 6 urtetik gorakoendako musika hizkuntza eta kantua, bateria, pianoa, akordeoia, trikitixa, gitarra klasikoa, gitarra elektrikoa, baxu elektrikoa, biolina, saxofoia, zeharkako txirula, klarinetea, tronboia, bonbardinoa, tronpeta, tuba, txistua, alboka eta gaita. Gainera, 16 urtetik gora dutenek, adar ez ofizialean, instrumentua ikasteko aukera dute, astean ordu bat. Horretaz aparte, ikasleek instrumentu taldeetan parte hartzeko aukera dute.