Gurseko errefuxiatu eremuan egondakoak gogoan

Guaixe 2024ko api. 29a, 09:29

Altsasuarra Gursko oroigarriaren ondoan. UTZITAKOA

Nafarroako agintariek, mugaren bi aldeetako senide, elkarte, ikasle eta agintariekin batera, esparrutik igaro ziren 500 nafar ingururen izenak biltzen dituen monumentu bat aurkeztu du. Errefuxiatu eremuan 88 sakandar egon ziren.

Gurseko (Akitania) kontzentrazio esparruan 1939 eta 1945 artean barneratutako 500 nafar ingururi omenaldia egiteko ekitaldi instituzionala egin zieten joan den ostiralean. Gobernuak antolatutako ekitaldian, "pertsona horien guztien demokraziarekiko eta faxismoarekiko konpromisoa aldarrikatzeko" helburuarekin, monumentu bat mustu zen. Hartan 500 nafar horien izenak daude idatzita. Ekitaldian, senideek, elkarteek, Lizarrako BHIko ikasleek eta mugaren bi aldeetako agintari autonomiko eta lokalek ere parte hartu zuten. Han izan zen Sakanako ordezkaritza ere. 

Ana Ollo bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak azaldu zuenez, "haiei egindako omenaldia eta mezua modu sinbolikoan indartzeko" beharra zegoen, "horretarako mustu dugu monumentu txiki hau bere izenen plakaren ondoan". Han bizi izan zutena gogoan, Ollok adierazi zuen: "ez hemen, ez inon. Sekula gehiago ez inorendako. Izan ere, zoritxarrez, errefuxiatuendako edo presoendako esparruetako irudiak egunerokoak dira. Gerra eta indarkeria ez daude hain urrun. Europak une delikatuak bizi ditu. Baina itxaropenaren sugarra bizirik mantendu behar da" esan zuen.

Kexa
Gursen izan zen Aitziber Etxaiz Soria altsasuarra, kontzentrazio eremuan senidea izan zuena. Kexu bueltatu zen etxera. Gogoratu du gerra galdutako errefuxiatuak hondartzetan prestatutako kontzentrazio eremuetan sartu zituela Frantziako Gobernuak. "Hainbat euskal herritar Argelès sur Merko hondartzan sartu zituzten. Euskal herritarrak antolatzen hasi ziren eta euskal eremuko kapitan izendatu zuten Martin Soler Zangitu altsasuarra". Atzerrian zegoen Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz, Euskal Herritik gertuen zegoen eremura lekualdatzeko ahaleginak egin zituzten, baita lortu ere. "Horretarako euskal herritarren zerrenda bat egin zuten", azaldu du Etxaizek. 

Ostiralean Gurstik haserre bueltatu zen Etxaiz: "1939an hegoaldeko lau probintzietako euskal herritarren zerrenda bakarra egin zuten. Orain Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza bakoitza bere aldetik ari da, bakoitza bere zerrendarekin, Nafarroakoa eta Euskal Autonomia Erkidegokoa. Zerrenda bakarra egin zuten, hari segituz lekualdatu zituzten. Orain zergatik egiten dituzte bi zerrenda? Historia eraldatzen ari dira", kexu da Etxaiz.  

Erlazionatuak