Sunsundeguirendako 6 milioira arteko mailegua onartuta

Guaixe 2024ko api. 29a, 09:50

Parlamentariak Sunsundeguin bisitan. ARTXIBOA

Nafarroako Parlamentuak Foru Lege bat onartu zuen Sodenak mailegua eman ahal izateko.

Abenduaren 21ean egin bezala, Nafarroako Parlamentuak Foru Legea onartu zuen apirilaren 25ean. Haren bidez baimena ematen baitzaio Sodena enpresa publikoari 6 milioi euro arteko mailegu bat emateko Sunsundegui enpresari. Orduan lau milioi euro arteko mailegua. Sodenak dagoeneko 6,4 milioi euroko mailegua emana dio Altsasuko enpresari. Baina beste mailegu bat emateko Nafarroako Parlamentuaren oniritzia behar zuen, legediak ezarritako mugak gainditzen duelako. Izan ere, inongo pertsona fisiko edo juridiko ezin izanen da izan Aurrekontuei buruzko Foru Legean ezarritako gehieneko arrisku biziaren ehuneko 5etik gorako zenbatekoa duten maileguen onuradun. Mailegu berriak ezarritako muga gainditzen du. 

Gobernua babesten duten alderdi eta koalizioek "interes orokorreko gaia" dela iritzita justifikatu du emandako abala, finantzaketa publikoa Sunsundeguik eta Volvo automobilgintzako taldeak sinatutako kontratua gauzatzea bermatzera bideratuta baitago. Helburuak lortzea Sunsundeguiren erantzunaren araberakoa izanen da. Izan ere, Altsasuko lantegiaren baliabideak bikoiztu behar dira (408 langiletik 720ra), bai ekoizpen mailan (urteko 783 unitate izango lirateke), bai fakturazio mailan (ekitaldiko 140 milioira iritsiko lirateke).

Aldeko botoa eman zuten PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekinek. UPN eta PPN abstenitu egin ziren. Biek ere ez zuten kreditu berri horren atzean dagoen motibazioa zalantzan jarri, baina forma kontuekin lotutakoa izan zen haien abstentzioa. Azkenik, Voxek kontrako botoa eman zuen.