Zaldiaren histori altsasuarra

Guaixe 2024ko mai. 9a, 09:30

Josu Imaz Prim eta Susi Arteta Ballarin hizlariak.

Heroinaren ingurukoa izanen da Altsasu Memoriaren bigarren liburuko kapitulu bat. Isildutako gai garrantzitsua gizarteratzeko hitzaldia antolatu zuen taldeak. Kontsumoaren ondorioz 34 altsasuar hil zirela jakinarazi zuen herriko historia ikertzen ari den taldeak.

Altsasu Memoriak bere bigarren liburua heldu den urteko udaberrirako argitaratuko du. Hala jakinarazi duen Josu Imaz Primek apirilaren 26an, Altsasu Memoriak antolatutako hitzaldiaren hasieran. Jakinarazi zuenez, Altsasuko Historiari buruzko bigarren liburu horrek 1950 eta 2000 urteen arteko epea hartuko du. Han hainbat gai landuko dituzte, besteak beste, intsumisioa edo drogen, zehazki, heroinaren kontsumoa. 

Hain zuzen, heroinaren kontsumoari buruzko hitzaldian hartu zuen Imazek hitza. Adierazi zuenez, drogarena "isildua izan den gai delikatua da. Biktimek bakardadean bizi izan dute. Gertaera garrantzitsuak izan ziren eta haietaz naturaltasunez hitz egin behar da". Imazek azaldu zuenez, liburua prestatzeko biktimekin harremanetan jarri ziren eta batzuk esku zabalik hartu zituzten, beste batzuk, berriz, ez zuten hitz egin nahi izan. Horregatik, prestatu zuen Altsasu Memoriak saioa. Aldi berean, gogoratu zuen XX. mendeko 80ko hamarkadaren erdialdean egindako inkestetan heroina kezkarik handieneko gaia zela. 

Hasierak
Susi Arteta Ballarin jubilatutako medikua izan zen beste hizlaria. Sei urtez Altsasun mediku eta larrialdi zerbitzuetan lan egindakoa. Hitzaldi dokumentatua eman zuen. Jakinarazi zuenez, heroina Euskal Herrira 1976 aldean zabaltzen hasi zen. Amsterdam eta Tailandiara joateko aukera zuten goi mailakoen artean zabaldu zen. Baina haiek ere beraien kontsumoa ordaindu behar zuten eta kontsumo zirkuluak zabaltzen joan ziren. "Orduko gizartea ez zegoen prest. Gainera, gizarte, ekonomia eta politika krisia zegoen". Testuinguru hartan heroina ihesbidea izan zen, eta diru iturria ikusi zuten beste batzuk. "Orduko hilabete bateko soldatarekin aste bateko heroina kontsumoa ordaintzen zen. Gramoak 20.000 pezeta (120,2 euro) eta heroina dosiak 5.000 pezeta (30,05 euro) balio zituen". Artetak gaineratu zuenez, "70eko hamarkada akaberan edo 80ko hamarkadaren hasieran inor ez zen drogadikzioaz arduratzen, arazoa alkoholismoa zen". 1984-1985erako Altsasun aurreneko hildakoak utzi zituen. 

Jakinarazi zuenez, gaur egun ezagutzen dugun Lehen Arretako osasun arreta 80ko hamarkada hasieran abiarazi zuten. Hamarkada haren erdialderako heroina kontsumoa handia zen. Hildako asko izan ziren: "injektatzearen injektatzeaz zainak erretzen zitzaizkien, infekzioak izaten zituzten. Gainera, B eta C hepatitisak zabaldu ziren. Gaindosiak edo heroina mozteko erabilitako sustantziek sorrarazitako kontrako erreakzioak izaten ziren", azaldu du Artetak. 

Antolaketa
Gizarteak erakundeei aurrea hartu zien. Hego Euskal Herriko gotzainek drogaren egoeraren larriaz gaztigatuz gutuna zabaldu zuten 1983an. Drogaren interes estaliak eta balio falta zeudela gaztigatu eta kritikak zabaldu zituen. Adikzioak birgizarteratzeko proiektuei dagokienez, Gizakia Helburu erakundea 1985ean sortu zela azaldu zuen Artetak. Nafarrak aldameneko probintzietako egoitzetara joaten zirela ohartuta, Gizakia Helburuk 1991n zabaldu zuen egoitza Nafarroan. 

Artetak esan zuenez, "gizarteak arreta psikosozialeko moduluak sortu zituen. Aurrenak Bilbon, eta zabalduz joan ziren. Baina inork heroina ezagutzen ez zuenez, trebatzera atzerrira joan behar izan zen". Birgizarteratzearen kontura beste erakunde batzuk dirutza egin zutela azaldu zuen, esaterako, El Patriarca. 

Medikuak jakinarazi zuenez, kontsumitzaile kopurua 1985erako egonkortu zen. "Ospitalean askok bukatzen zuten eta ordukoak dira infekzio-gaitzen unitateak. Jendea ospitalera sartu, egonkortu, atera eta beste aukerarik ez zutenez, atzera ere, kontsumitzen zuten. Ez ziren gaixo onak". Eta ordurako ia ezezaguna zen gaitz bat bazebilen: Hiesa. 1981ean hasi ziren gaitz berri hura ikusten,  1983an opatu zuten gaitza eta Giza Immunoeskasiaren Birusa (GIB) detektatzeko serologia proba 1985ekoa da. “Euskal Herrian Hiesaren foku anitz sortu ziren. Beste tokitan homosexualak jo zituen, hemen xiringak partekatzen zituztenak”, azaldu zuen Artetak. Medikuak azaldu zuenez, "Errenteriako Beramako zentroko bi sendagilek adikzioa zutenei odola atera eta izoztu egin zuten. Ondoren probak egin zituztenean, erdiek GIB zuten". Altsasun urterik tragikoenak, hildako gehien pilatu ziren urteak, 1990 eta 194 urteen artekoak izan ziren. Nahiz eta 2015era arte izan ziren. Hala ere, badira adikzioaren ondorioak bizi dituztenak ere. 

Ondorioak
Artetak argi du garai hartan gauzak "gaizki" egin zirela, eta ez zirela heriotzak eragotzi. "Adikzioa zutenek droga utzi behar ez zutenez, metadona, xiringak eta Hiesaren kontrako kitak banatu behar zitzaizkien". 80 hamarkada bukaera edo 90eko hasierarako egoera hobetu zela nabarmendu zuen. Hala ere, gaur egun heroina eta kokaina kontsumoak jarraitzen duela azaldu zuen. Izan ere, Europak gaia serio hartu zuenean, hegazkin bidez iristeari utzi eta itsasoz eta errepidez iristen hasi zen heroina. Beste batzuek ere diru iturria ikusi zuten eta heroina txuriaz aparte marroia ere sartzen hasi ziren. Azken hori, erretzeko egokiagoa bada ere, injektatu egiten zuten. 

Heroinaren kontsumoaren ondorioz hildako 27 altsasuar zenbatu dituzte ikerketa egiterakoan, haietako askok Hiesak jota hil ziren. Eta bestelako arrazoiengatik, beste zazpi pertsona. Guztira 34 pertsonaren berri jaso dute. Altsasu Memoriako kideak, bestalde, droga kontsumoa sustatu zuen giroaren azterketa egin zuen batetik. Eta, bestetik, munduko beste hainbat tokitan bezala droga "gazteria ezabatzeko tresna" izan zela gaztigatu zuten. Luis Navajas fiskalaren 1989ko maiatzeko txostena gogora ekarri zuen, narkotrafikoaren eta Intxaurrondoko kuarteleko terrorismoaren kontrako lotura egiten zuena eta hainbat izen ematen zituena.