Erreferente euskaldunak izatearen garrantzia

Maider Betelu Ganboa 2024ko mai. 8a, 13:30

Maitane Vilariño, Jagoba Arrasate, Iñaki Berastegi, Yolanda Martil eta Roberto Martil.

Beleixe irratiaren 25. urteurrenaren harira antolatutako 'Euskara Kirolean' mahai inguruan Jagoba Arrasatek, Maitane Vilariñok, Yolanda Martilek eta Igor Martinezek euskararen inguruko hausnarketa interesgarria egin zuten

Beleixe irratiaren 25. urteurreneko ekitaldien artean, Iortia Kultur Guneak 'Euskara Kirolean' mahai ingurua hartu zuen, Beleixe irratiak eta Sakanako Mankomunitateak antolatuta. Euskadi Irratiko kirol kazetari Iñaki Berastegi Goikoetxea urdiaindarrak gidatu zuen saioa. Jagoba Arrasate Osasunako entrenatzailea, Maitane Vilariño Osasunako jokalari olaztiarra, Yolanda Martil Xotako kapitain irurtzundarra eta Igor Martinez CBASK saskibaloi taldeko entrenatzaile eta El Conquis saioko partaidea zituen alboan. Kirolaz baino, euskararen inguruan mintzatu ziren gehiago.

Euskarari dagokionez, norberaren errealitatea zein den galdegin zien Berastegik. Yolanda Martilek erantzun zuen berak A ereduan ikasi zuela eta euskalduna dela, "baina urte askotan gazteleraz hitz egin dut. Xotan gehienak erdaldunak dira, eta entrenamenduetan gehienbat gazteleraz aritzen gara. Alaba jaio zenetik euskaraz hasi naiz, baina gaizki hitz egin eta hanka sartuko dudan beldurra izaten dut. Urduri jartzen naiz. Hala ere, nire lanean "egun on" esaten hasi naiz, horrela euskarazko elkarrizketak sortzen dira, eta alabaren irakaslearekin bilerak euskaraz egiten hasi naiz. Pausoz-pauso" azaldu zuen. 

Igor Martinezek CBASK saskibaloi taldeko emakumezkoen kadeteen taldea entrenatzen du. Klubean euskararen aldeko aldaketa sakona eman dela azaldu zuen. "Orain arteko entrenatzaile eta koordinatzaile beteranoek ez zekiten euskaraz, baina orain Iosu Mendiola da koordinatzaile berria, euskalduna, eta entrenatzaile guztiak ere euskaldunak dira. Euskararen aldeko apustua egin da". Euskaraz aritzeko ohitura hartzea, hori da koska nagusia. "Gure taldean euskaraz aritzeko konpromisoa hartu dugu, baina kostatzen da. Errieta egin behar diedanean gaztelera ateratzen zaidala ere aitortu beharra dut" esan zuen, barre artean. 

Jagoba Arrasatek euskararen alde duen jarrera nabarmena da. Osasunara sartu zenean, eta klubarekin adostuta, hizkuntzen inguruko estatutuak jarri zituzten indarrean, euskarari bere tokia eskainiz. Prentsaurrekoak ere euskaraz ematen ditu. Taldean ere geroz eta euskaldun gehiago dago. "Garrantzitsua da Aitor Fernandezi, Iker Muñozi, Unai Garciari, Aimar Orozi, Jon Moncayolari... euskaraz entzutea. Gazteek erreferente euskaldunak behar dituzte. Bestalde, euskaraz hitz egitea, pauso hori ematea, hori da garrantzitsuena, nahiz eta akatsak egin. Lotsa kentzea" nabarmendu zuen, teknikarien artean euskaraz hitz egiten dutela gaineratuz. "Giroa sortu dugu. Budimirrek egun on eta agur esaten du". Halaber, futbolaren terminologia eta hiztegia "oso erdalduna" dela aitortu zuen, hobetu beharrekoa. 

Maitane Vilariñok aipatu zuenez, Osasunako taldekide gehienak erdaldunak dira, asko estatuko beste herrietakoak. "Entrenamenduak gazteleraz izaten dira. Badaude euskaldun batzuk, Valero, esaterako, eta berarekin euskaraz aritzen naiz. Lortu duguna da "lasai", eta halako hitzak taldekideei irakastea. Bestalde, euskarazko klaseak jasotzeko eskubidea dugu, hala dago jasoa estatutuetan, baina agian gehiago tematu beharko litzateke horretan".

Zenbait ondoriotara heldu ziren: euskararekiko jarrera proaktiboa izatea ezinbestekoa dela, kirola euskara bulkatzeko tresna garrantzitsua izan daitekeela, eta, jakina, kirolean euskara sustatzeko lan asko egin beharra dagoela. Lehena, euskaraz aritzeko lotsa galtzea. Eta, jakina, El Conquis ere hizpide izan zen.