Ibarreko herri bakoitzak bere desfibriladorea du

Guaixe 2021ko mar. 29a, 09:50

Arakilgo herri guztietan jarri dira eta aurki haiek erabiltzeko prestakuntza ikastaroak emanen dira.

Personaren bati bihotza gelditzen zaionean, bere onera ekartzeko tratamendu azkarra emateko ezinbesteko tresna da desfibriladorea. Horren jakitun, Arakilgo Udalak ibarreko herri bakoitzean desfibriladore bana jarri du. Oihana Olaberria Jaka alkateak azaldu duenez, “herri gehienetan kontzeju etxean jarrita daude, eraikin horiek herriaren erdian daudelako”. Eta askotan han bertan dagoelako mediku kontsultategia. Alkateak zehaztu duenez, “salbuespena Etxarren da, han Aranburu frontoian jarri da eta Ihabar, markesinan jarri da”. Olaberriak gaineratu duenez, “desfibriladoreak jarri dituen enpresak herri bakoitzean erabiltzeko ikastaroa eginen du, bakoitzean zortzi pertsona joanen dira”. Alkateak azaldu duenez, 12 desfibriladoreengatik 25.000 euro pagatu dituzte eta erosketak bost urteko mantentzea dakar berarekin. 

Desfibriladoreez 
Makina horiek pertsona bati bihotza gelditzen zaionean erabiltzen dira. Jakina, larrialdi zerbitzuetara ere hots egin behar da. Tratamendu azkar gisa bihotz-biriketako bizkortze  egiteko oinarrizkoa maniobrak egin behar dira, eta haiekin batera desfibrilizazioa. Hau da, desfibriladorearen bidez gaixo dagoen pertsonari elektrizitate deskarga bat ematea bihotza bere funtzionamendu egokira bueltatzeko. Desfibriladorea eskura izanda, trebatutako pertsonek bihotzekoa izan duten pertsonen %75en bizitza salbatuko lukete.