Pilota

Binakako final handian egotea dute jokoan

Guaixe 2024ko mar. 8a, 11:45
Martija, Altuna, Jaka eta Mariezkurrena, material aukeraketan. ASPE

Etxeberriak eta Zabaletak, garaipena lortuz gero, hanka eta erdia baino gehiago izango lukete martxoaren 31ko Nafarroa Arenako finalean; aldiz, Altuna-Martija irabaztera derrigortuta daude, finalean egoteko borrokan jarraitzeko

Binakako finalerdietako ligaxkako bigarren jardunaldian asko erabakiko da. Batetik, martxoaren 31ko Nafarroa Arenako final handitik ia kanpo geratuko den bikote bat nor den jakingo da, eta, bestetik,  final horretan egoteko txartel asko lortuko duen bikoa nor den ikusiko da. Beraz, jardunaldi gakoa da, ikusmin izugarria piztu duena. 

Lehen jardunaldiko irabazleek, Etxeberria-Zabaletak eta Artola-Imazek, martxoaren 9an jokatuko dute, Labriten. "Irabazten badugu finalean egoteko aukera asko izango ditugu. Bukaerara arte borrokatzen duen bikote gogorraren kontra lehiatuko gara, eta gu berdina egitera aterako gara, dena ematera" azaldu du Zabaletak. Altunaren eta Martijaren kontrako partidan Etxeberri ikusgarri aritu zela galdeginda, ados dago. "Bere partida onena izan zen, eta horrela jarraitu behar du, erasokor". 

Martxoaren 10ean Bilbok lehen jardunaldiko galtzaileen arteko partida hartuko du. Jaka-Mariezkurrena eta Altuna-Martija jakitun dira komodinik gabe geratu direla, eta galtzen duen bikoa ia finaletik kanpo geratuko dela. Materialarekin gustura azaldu zen laukotea. "Altuna eta Martija dira faboritoak" azaldu du Jakak. Martijak badaki jotzaile handi baten kontra ariko dela, "baina ohituta nago. Ongi nago, konfiantzarekin, gogotsu".