Astekaria

"Arakilgoa hiztegi polita eta mardula da"

Erkuden Ruiz Barroso 2024ko api. 16a, 13:41
Aitor Arana hizkuntzalaria. UZTARRIA

'Nafarroako Euskalkiak. Hegoaldeko Goi-Nafarrarera. Arakilgo aldaera' liburua aurkeztu zuen Aitor Aranak, Koldo Colomorekin batera, apirilaren 14an, Irurtzungo udaletxean.

350 orrialdeko hiztegia osatu dute hizkuntzalariek.

1. Zer da 'Nafarroako Euskalkiak'?
Hiztegi bilduma bat da, eta honen helburu  nagusia euskara galdu zen eremuetako euskalkiak berriz ere jendearen eskuetan jartzea da. Orain dela 23 urte hasitako lana da, mende hasieran, eta pixkanakapixkanaka, ibarrez ibar, denak argitaratzen ari gara. 

2. Zertan oinarritzen zarete euskalkia ikertzeko? 
Euskara galdu zen eremuetan gabiltza; horrek esan nahi du lan hauek funtsean jatorrizko hiztunik gabe egin direla, salbuespenak salbuespen. Idatzitako iturrietan oinarritu gara. Iturri garrantzitsu bat ibarreko toponimia izaten da. Beste alde batetik, ibar horiek euskaldunak zirenean normalean mezak euskaraz ematen ziren, sermoiak euskaraz ziren eta dotrinak ere euskaraz ematen ziren. Dotrina horiek ibarreko euskaraz zeudela kontrastatzean eta interesgarriak direnean, erabili izan dira. Iturri asko daude, baina azken bat aipatzearren, Koldo Artola da. Nafarroan zehar ibili zen, zorionez garaiz, eta azken euskaldunak aurkitu zituen. Horixe egin zuen Arakilen. 

3. Beraz, zuek Arakilen hiztunik ez duzue topatu. 
Zoritxarrez, ez. Lan hau hasi nuenean jadanik ez zegoen, baina esan bezala zorionez beste batzuek lortu zuten. Horrela Urritzolako Bautista Etxarrenen iturria dugu. Koldok lan handia egin zuen, eta 1300 sarrera berari esker sortuak dira. Ihabarren hiztun garrantzitsu bat aurkitu zuen Koldok, Oreretan bizi zen emakume bat, eta 1000 sarrera inguru eskuratu ahal izan dira.  

4. Hiztegian euskara batua eta Arakilgo euskara agertzen da, ezta? 
Hori oso garrantzitsua da. Nik beti ikusten dut euskalariek, euskaltzainek eta langile handiek horrelako lanak egiten dituztenean euskalkietan ematen dituztela hiztegiak eta hitz zerrendak, baina gero horiek ezin dira kontsultatu euskara batutik. Oso interesgarria da kontsultatu ahal izatea. Gure bilduman hasieratik egon da euskalkia eta euskara batua.  

5. Euskalkia erabiltzen eta berreskuratzen hasteko bide ematen du?
Funtsezkoa gogoa izatea da. Euskalkia berreskuratzea berez egin daiteke ahalegina eginda. Hori ez da garrantzitsuena. Euskara galdu den lekuetan orain poliki hiztegi hauetatik kolore pixka bat hartzen ari da, eta norberaren euskara batuari eransten dizkiote.

6. Zer nabarmenduko zenuke Arakilgo euskaraz? 
Lokarria da; hizkeren arteko lotune batean dago. Denetarik aurki dezakezu. Normala da igaro lekua delako. Hizkuntz egoerak islatzen du egoera geografikoak markatzen duena. Bitxikeria bat azpimarratzekotan, Bonapartek Arakilgo euskara Hegoaldeko GoiNafarrera bezala sailkatu zuen; gaur egun euskalkilariak ez daude ados horrekin eta ez dela petopetoa diote. Behin agertu da G protetikoa; Haren ordez G bat egotea. Euskalkian, antzina, erakusleak G protetikoarekin ahoskatzen zen. Horrek esan nahi du sailkapen horretatik sartzen zela, irteten zela... 

7. Euskalki aberatsa da. 
Aberatsa da. Hiztegi polita eta mardula da. Normalean ehun edo 200 orrialde izaten dituzte, eta Arakilgoak 350 ditu.

8. Arakil osoa hartu duzue?
Herri handiei erreparatu diegu. Kasu honetan dokumentazioa non, gu han. Oso interesagarria izan da ere txiripaz Izurdiagan Maria Mercedes Idoi izeneko emakume batek egin zuen lan etnografikoa. Lankideak euskaraz egiten zuen eta jaso zuen, eta horri esker lekukotasun garrantzitsua da Izurdiaga ere.

9. Zertarako euskalkiaren hiztegi bat izan?
Besterik gabe badaudelako euskaldunak ibar horietan euskalkian interesatuta daudenak. Berdin zait bost diren edo 5000 diren. Horiek materiala eskura izan behar dute. Normalean aldizkari espezializatuetan egoten da material hori, eta Internetarekin errazagoa da bilatzea, baina hala ere askoz errazagoa da kolpe batean eskuan izatea.

10. Hitz bat aukeratu behar baduzu...
Ustekabean harrapatzen nauzu. Baina Ihabarko materialean emakumeak kontatzen zuen 14 urtera arte herriko inauteriak ezagutu zituela, eta gero ohitura galdu zela, baina bi panpina ateratzen ziren: Aitezarko eta Landarra. Oso interesgarria iruditu zitzaidan. 

11. Eta istorio horiek kontsulta daitezke?
Lekukotasun horiek garrantzitsuak eta interesgarriak dira. Bautista Etxarren bezala, Lizarraldeko azken euskaldunak ezagutu baitzituen. Fontesen argitaratuta daude; hiztegian hitzak daude, eta Fontesen kontakizunak.