Ostiraleko materialarekin konforme daude Ezkurdia eta Olaetxea

Guaixe 2014ko urr. 23a, 08:43

Lau t´erdiko final laurdenetako ligaxkako lehen partidan Lemuno, Jaunarena eta Barriola bidean uztetik datorren Olaetxea du aurkari Ezkurdiak, bihar Elizondon

Aurreko ostiralean Aritz Lasa 8 tantotan utzi eta gero, Joseba Ezkurdia lau t´erdiko final laurdenetako ligaxkarako sailkatu da. Lehen multzoan dago arbizuarra, Aimar Olaizola, Oinatz Bengoetxe eta Mikel Olaetxearekin batera. Bigarren multzoan Irujo, Saralegi, Retegi Bi eta Xala daude. Asteburuan final laurdenetako ligaxkako lehen jardunaldia dago jokoan eta Ezkurdiak Olaetxea izanen du aurkari ostiralean, 20:00etan, Elizondon (ETB1)

Joseba Ezkurdiak eta Mikel Olaetxeak material aukeraketa egin zuten asteazkenean Elizondon. Ezkurdiak 105 eta 104,8 gramoko pilotak aukeratu zituen eta Olaetxeak 15,3 eta 104,1 gramokoak. Ruben Beloki, Martin Alustiza eta Roberto Garcia Ariño izan ziren ekitaldian. Arbizuarrak pilota biziagoak hautatu zituen, frontisetik gehiago ateratzen direnak, eta Olaetxeak ez horren biziak. “Ez da sorpresarik egon. Niri pilota fuerteagoa komeni zait gehiago. Gaur Altsasun baino gutxiago zegoen eta ez dut uste kexatzeko arrazoirik dagoenik” azaldu zuen Ezkurdiak. Izan ere, Lasaren kontra Altsasun erabili zituen pilotak kritikatu zituen urretxuarrak, “gehiegizkoak” zirela adieraziz.  

Lau t´erdiko final laurdenetako ligaxkara sailkatzea zen Joseba Ezkurdiaren helburua eta lortu du. “Ilusioz beteta nago. Nire bigarren urtea da lau t´erdian eta aprobetxatu nahi dut. Sentsazio onekin dago. Final laurdenetan hiru partida ditut aurrez aurre eta kantxan disfrutatu nahi dut” adierazi zuen arbizuarrak. Sasoi betean dago. Joseba Ezkurdia da, akaso, lehia irabazteko faboritoa, baina Olaetxeak sekulako txapelketa egin du, Lemuno, Jaunarena eta Abel Barriola utzi baititu bidean. Olaetxearendako hitz gozoak izan ditu arbizuarrak. “Arerio gogorra da, eta une gozoan dago. Ezkerrarekin efektu handiarekin ematen dio pilotari eta eskuinarekin erraztasunarekin egiten du dejada”.

Olaetxeak adierazi duenez, ez du orain arte Ezkurdiaren kontra jokatu baina arbizuarrak abiadura ikaragarrian jokatzen duela nabarmendu du eta ongi dabilela.