Ezkurdia-Olaizolaren partida, atzeratuta

Guaixe 2014ko aza. 4a, 08:47

Irujo-Saralegiren partida azaroaren 15era atzeratu dute, Saralegiren lesioagatik, eta Ezkurdia-Olaizolaren artekoa 16ra atzeratzea erabaki dute enpresek. Ezkurdiak ia ezinezkoa du sailkatzea baina dena ematera aterako da

Lau t´erdiko final laurdenetako ligaxkako 2. jardunaldian hil hala biziko partida jokatu zuten Etxebarrin Joseba Ezkurdiak eta Oinatz Bengoetxeak. Bengoetxeak maila ona eman zuen eta 22-10 irabazi zion arbizuarrari. Ezkurdiak final erdietarako sailkatzeko aukerak izan, baditu, baina karanbola ederra beharko luke. Hirugarren eta azken jardunaldiak zer ematen duen ikusiko dugu.

Ezkurdiaren eta Bengoetxearen arteko partidan, bi pilotariek min handia egin zuten sakearekin, baina piloteoan leitzarra nagusitu zitzaion arbizuarrari. Ezkurdiak ez zuen bere maila eman, eta bere buruarekin haserre bukatu zuen partida. Partida hasi eta berehala 8 tantoko errenta lortu zuen leitzarrak, saketik 75 tanto eginez. Arbizuarrak sakea berreskuratu eta 8-6 hurbildu zitzaion. Partidako tantorik politenak iritsi ziren orduan, Ezkurdiaren boleak tarteko. Bi pilotariak parez pare arituko zirela zirudien. Baina Bengoetxeak 7-1eko partziala lortu zuen, 17-9 aurreratuz. Ezker pareta erabili zuen horretarako. 18-10 hurbildu zen Ezkurdia, baina Bengoetxeak 4 tanto egin zituen jarraian eta partida irabazi zuen.

Atzerapena
Aimar Olaizolaren kontra ariko da Joseba Ezkurdia Lau t´erdiko final laurdenetako ligaxkako 3. eta azken jardunaldian. Aurreko bi jardunaldiak galtzetik dator arbizuarra, eta nahiz eta finalerdietara pasatzeko aukera urriak izan, irabaztera derrigortua eta gainontzekoek egiten dutenaren menpe baitago, dena ematera atera beharko da.

Saralegik ezker eskuko hatz luzeko puntan haustura du, eta Irujoren kontrako partida jokatzeko atzerapena eskatu du. Azaroaren 15ean jokatuko dute partida. Eta enpresek Aimar Olaizolaren eta Joseba Ezkurdiaren partida azaroaren 16ra atzeratzea erabaki dute. Gainontzeko bi partidak asteburu honetan jokatuko dira. Olaetxea eta Bengoetxea VI.ak larunbatean jokatuko dute, Labriten, eta Xalak eta Retegi Bik igandean, Eskoriatzan.

Finalerdian egoteko beharrezkoak diren karanbolak
Lehian dauden 6 pilotariek dute finalerdietara sailkatzeko aukera. Batzuk besteak baino aukera hobeak, jakina. A multzoan, Oinatz Bengoetxeari16 tanto egitearekin sailkatuko litzateke Mikel Olaetxea finalerdietarako. Galduz gero, Olaizolak Ezkurdiaren kontra galtzearekin sailkatuko litzateke Olaetxea. Aimar Olaizolak Joseba Ezkurdiaren kontra irabaztearekin lortuko luke finalerdietan egotea. Galduz gero sailkatzeko aukerak ere baditu. Horretarako 17 tanto egin eta Bengoetxeak Olaetxearen kontra galtzea beharko luke. Oinatz Bengoetxeak finalerdietan egoteko Olaetxearen kontra gutxienez 7 tantoko aldearekin irabazi beharko luke. Multzo honetan Joseba Ezkurdiarena da egoerarik konplikatuena. Arbizuarrak Olaizolaren kontra 16 tantoko aldearekin irabazi beharko luke eta Bengoetxeak Olaetxearen kontra galdu beharko luke finalerdietara sailkatzeko.

B multzoan Saralegi finalerdietara sailkatuko da Retegi Bik Xala irabazten badu. Bestela, Irujoren kontra 18 tanto egitearekin nahikoa luke. Xala finalerdietara sailkatuko da Julen Retegiren kontra irabazten badu. Galduz gero, 18 tanto egitearekin eta Irujok Saralegiren kontra galtzearekin sailkatuko litzateke. Irujok Saralegiren kontra 5 tantoko aldearekin irabazi beharra du finalerdietan egoteko. Bestela, Xalak Retegi Biren kontra galtzea beharko luke. Eta Julen Retegik karanbola ederra beharko luke sailkatzeko. 17 tantoko aldearekin irabazi beharko lioke Xalari.