Agur lau t´erdiari

Guaixe 2014ko aza. 17a, 09:52

Ezkurdiak ez du lortu lau t´erdiko final erdietara sailkatzea, baina Olaizolari gauzak izugarri zaildu zizkion

Asteburuan lau t´erdiko txapelketako final laurdenetako 3. eta azken jardunaldia jokatu zen. Joseba Ezkurdiari Aimar Olaizolaren kontra aritzea tokatu zitzaion. Arbizuarra aurreko bi partidak galtzetik zetorren eta ez zuen final erdietara sailkatzeko aukerarik. Baina, Olaizolak, ordea, final erdietara sailkatzeko irabaztea derrigorrezkoa zuen. Eta Ezkurdiak ez zizkion gauzak batere erraztu. Arbizuarrak oso estu hartu zuen Olaizola eta goizuetarrak ederki sufritu behar izan zuen partida irabazteko (22-16).

Izan ere, bi pilotariak parez pare aritu ziren. Inork ez zuen tarte nahikorik hartzen. Tanto bakoitza oso borrokatua izan zen, eta defentsan bikain aritu ziren bai Ezkurdia eta baita Olaizola ere. Aimar Ezkurdiaren erregulartasuna apurtzen saiatu zen, baina ezin. Tanto bikainak egin zituen Olaizolak, baina baita beregan oso arraroak diren akatsak ere. Ezkurdiak defentsa bikaina egin zuen. Ezkurdia 11-12 aurreratuta zegoenean sakea berreskuratu zuen Olaizolak eta hortik aurrera sakeez baliatu zen goizuetarra arbizuarraren harresia zapuzteko. Ezkurdiak ez zuen amore eman, eta pilota guztiak erantzuten saiatu zen, baina Olaizolak takada batean 7 tanto egin zituen segidan, 18-12 aurreratuta. Ezkurdia markagailuari buelta ematen saiatu zen, baina, azkenean, 22-16 irabazi zuen Olaizolak, izugarri sufrituta.

Kasualitatez, aurreko urteko txapelketako lau pilotari berberak sailkatu dira aurten lau t´erdiko finalerdietarako: Oinatz Bengoetxea, Juan Martinez de Irujo, Aimar Olaizola eta Ekaitz Saralegi. Irujok Bengoetxea izango du aurkari igandean Bilboko Bizkaia frontoian eta Olaizolak Saralegiren kontra jokatuko du azaroaren 29an.