Kobazuloak, espeleologoen begiekin

Guaixe 2014ko abe. 26a, 15:22

Laurent Richarden hitzaldi-proiekzioa abenduaren 26an, ostiralean, 19:00etan, Arbizuko kiroldegiko tabernan

Laurent Richard espeleologoak “Montañas embarazadas” bere liburua aurkeztuko du abenduaren 26an, ostiralean, 19:00etan Arbizuko kiroldegiko tabernan eskainiko duen hitzaldian. “Kobazuloak, espeleologoen begiekin” titulua eman dio hitzaldi-proiekzioari.

Liburuan Richardek bere espeleologia bizipenei buruzko 13 kontakizun kontatzen ditu. “Ez ditut egindako irteera arrakastatsuenak kontatu, oroitzapen berezienak baizik. Izan ere, ez da liburu tekniko bat, literatura lana baizik. Egindako irteeratan sorturiko sentimenduak azaltzen saiatzen naiz: jakin mina, zentzugabekeriak, beldurrak, sormena, askatasuna, adiskidetasuna, ustekabeak… Horregatik pentsatzen dut mendiak haurdun daudela: batetik, espeleologoek ezagutu gabeko kobaz beterik daudelako, eta, bestetik, kobek espeleologoengan bizipen eta ikuspegi ezberdinak sortzen dituztelako” azaldu du Laurent Richardek. Espeleologoak gaineratu duenez, bere liburuan ondoko galde erantzuna egiten saiatu da: “Zergatik sartzen gara espeleologoak kobetan? Sentitzen eta bizitzen dugunagatik, ez egiten dugunagatik.

Hitzaldi-proiekzioan Euskal Herriko eta munduko kobei buruzko irudiak erakutsiko ditu Richardek. Bide batez, Arbizuko kiroldegiko tabernan hainbat argazki jarri ditu ikusgai.