Bihar Arbizu-Murchante desafioa Korrikaren alde

Guaixe 2015ko mar. 18a, 15:00

Bihar, ostegunean, San Jose egunean, Murchanten

Asko dira Korrikaren alde antolatzen diren ekitaldiak. Arbizukoek ekitaldi berezi bat antolatu dute biharko, ostegunerako. San Jose eguna da, eta festa dela aprobetxatuz, Arbizu eta Murchante herrien arteko herri kirol desafioa antolatu dute Murchanten, Korrikaren alde.

Egun osoko festa izanen da. Bihar goizeko 10:30ean hasiko da festa, Murchanten. Desafioan parte hartuko duten guztiak kalejiran abiatuko dira plazatik kiroldegiraino, Tuterako joaldunak, Murchanteko erraldoiak eta gaitariak eta Arbizuko trikitilariak lagun dituztela. Goizeko 11:00etan hamaiketakoa egingo dute kiroldegian. Bi herrietako produktuak dastatuko dituzte: Murchanteko ogi-txigorrak baratxuriarekin eta ardoa eta Aribzuko gazta eta txistorra. 12:00etan hasiko da Murchante eta Arbizu arteko herri-kirol desafioa. Hura bukatutakoan, 14:30ean senidetze bazkaria egingo dute eta arratsaldean, 18:00etan, Triki poteoa eta erronda jotera Arbizuko trikitilariekin eta Murchanteko Jota Eskolarekin.

Murchantera joateko autobusa antolatu da Arbizun. Autobuserako eta bazkarirako izena ematea betiko tokietan egin behar dela adierazi dute antolatzaileek.