Nordic walkingean murgiltzeko ikastaroa Arbizun

Guaixe 2015ko eka. 5a, 07:22

Igandean, 10:00etan, Arbizuko kanpingean

Nordic walking edo ipar martxa mugitzeko era berria da, gorputz osoari eragiten diona. Finean, mendiko makilak eskuan hartu eta ibiltzea da, baina teknika ikastea ezinbestekoa da. Jarduera hau praktikatzeko bi makila behar dira, bereziak. Ez dira ohiko mendiko bastoiak, heldulekuan berezitasuna dute: lokarri bat eraman behar dute. Hankei ez ezik, besoei eta soinaren goiko alde osoari eragiten dion ibiltzeko modua da ipar martxa. Atsegina, leuna eta oso eraginkorra, giharren indarra, bihotza, koordinazioa eta mugikortasuna areagotzen ditu.

Kirol honetan murgiltzeko nordic walking edo ipar martxako oinarrizko ikastaroa antolatu dute, igandean, 10:00etatik 13:00etara, Arbizuko kanpinean. Manu Odriozolak eta Joseba Errastik emango dute (Prezioa: 30 euro). Izena emateko: 660 547 755 (Joseba) edo 675 701 520 (Manu).