Izugarri sufrituta, laugarren puntua poltsikoan

Guaixe 2016ko ots. 1a, 09:37

Ezkurdiak eta Barriolak 22 eta 19 irabazi zieten Irribarriari eta Merino I.ri

Joseba Ezkurdiak eta Abel Barriolak Binakako Txapelketako laugarren puntua lortu dute eta finalerdietara pasatzeko sailkatzeko borrokan jarraitzen dute. Hori bai, izugarri sufritu behar izan zuten Irribarria eta Merino I.a irabazteko.

Partida erabakita zutela zirudien, 15 eta 8 aurreratu baitziren Ezkurdia eta Barriola. Ezkurdia fin zebilen aurrean eta Irribarria eta Merino I.a ezinean zebiltzan. Ez zen Irribarriaren eguna izan, ezkerreko besoarekin pilotari ez zion ohikoa ematen dion abiadura ematen eta ez zen fin ibili. Baina abiadura gehiago zuen pilota bat aukeratu zutenetik –Ezkurdiak eta Barriolak hautatutakoa– egoerari buelta eman zioten. Errioxako atzelaria atzean gailentzen hasi zen eta Irribarria aukerak izaten hasi zen. Horrela, airez 8 tanto lortu zituzten, eta 17 eta 18 aurreratu ziren Irribarria eta Merino. Ezkurdiak eta Barriolak sakea berreskuratu zuten eta pilota motelago bat aukeratu zuten. Aspekoek izugarri sufritu zuten, erresistentzia handia izan zuten eta Irribarriak egindako 3 akats jarraiei esker bukaeran 22 eta 19 irabazi zuten eta euren laugarren puntua lortu zuten, oraindik ere finalerdietara sailkatzeko aukerak izatea ahalbideratzen diena. Aldiz, Irribarriak eta Merino I.ak 2 punturekin jarraitzen dute, apenas aukerarik gabe.

Irujo eta Rezusta zain
Binakako Txapelketako 10. Jardunaldian Ezkurdiak eta Barriolak Irujo eta Rezusta izanen dituzte aurkari, hurrengo asteartean, ihauterietan murgilduta egongo den Tolosan. Irujo eta Rezusta txapelketako liderrak dira, 8 punturekin eta finalerdietan egoteko aukerak izateko irabazi beharrean daude Ezkurdia eta Barriola. Nahiz eta Irujo eta Rezusta faboritoak izan, dena ematera aterako dira arbizuarra eta leitzarra eta partida gogorra espero da.

Binakakoa. Sailkapena
8 puntu: Irujo-Rezusta
6 puntu: Olaizola II.a-Urrutikoetxea eta Artola-Albisu
5 puntu: Bengoetxea VI.a-Untoria
4 puntu: Ezkurdia-Barriola
3 puntu: Altuna II.a-Merino II.a
2 puntu: Irribarria-Merino I.a eta Berasaluze II.a-Beroiz

Binakakoa. 10. jardunaldia
Bengoetxea VI.a-Untoria / Irribarria-Merino I (larunbatean, 17:45ean, Iruñean.ETB1, ntb)
Berasaluze II.a-Beroiz / Artola-Albisu (igandean, 17:00etan, Tafallan. ETB1, ntb)
Olaizola II.a-Urrutikoetxea / Altuna II.a-Merino II.a (astelehenean, 16:30ean, Tolosan)
Irujo-Rezusta / Ezkurdia-Barriola (asteartean, 16:30ean, Tolosan)