Finalerdietako borrokan jarraitzeko irabaztera derrigortuak

Guaixe 2016ko ots. 9a, 10:27

Ezkurdia-Barriola Irujo-Rezustaren kontra ariko dira gaur, 16:30ean, Tolosan

Binakako Pilota Txapelketako 10. jardunaldiko azkeneko partida hartuko du Tolosak gaur arratsaldean. Joseba Ezkurdiak eta Barriolak aste bat bajan egon ondoren kantxara bueltatuko den Irujo eta Rezusta izango dituzte aurkari (16:30ean, Tolosa). Finalerdietarako ligaxkara sartzeko borroka horretan jarraitu nahi badute irabaztera behartuta daude Ezkurdia eta Barriola, egun 4 puntu dituztelako eta euren aurretik daudenek, berriz, 8, 7 eta 6 puntu. Irujo eta Rezusta sailkapenaren buruan daude –jokatutako 9 partidetatik soilik 1 galdu dute–, baina postu horri eutsi nahi diote. Hortaz, partida lehiatua espero da gaur. Ea arbizuarrak eta leitzarrak bosgarren puntua biltzen duten.