Ezkurdiak final laurdenetako lehen puntua lortu du

Guaixe 2016ko urr. 17a, 09:43

Retegi Biri 11 eta 22 irabazi zion ostiralean Altsasun jokatutako partidan. Larunbatean, Labriten, Aimar Olaizola izango du aurkari

Lau t´erdiko final laurdenetako ligaxkako lehen jardunaldia ongi joan zaio Joseba Ezkurdiari. Arbizuarrak ostiralean Retegi Bi izan zuen aurkari Altsasuko Burunda pilotalekuan jokatutako partidan. Arretxe II.aren kontra ez bezala, arbizuarrak nerbioei ongi eusten jakin zuen eta partida dominatzeko ez zuen aparteko arazorik izan.

Arretxe II.aren kontra Juan Martinez de Irujo izan zuen botillero Ezkurdiak. Altsasun ere hala izango zela espero zen, asteartean material aukeraketan Irujo izan zelako. Horregatik Ezkurdiaren laguntzaile bere anaia Mattin zegoela ikusterakoan harritu egin ziren pilota zale guztiak. Nonbait, enpresa bereko bi pilotariren arteko partidatan ezin izango da enpresa horretako pilotari den bat botillero izan. Hori adostu omen dute enpresek. Eta Irujok aulkitik kanpo geratu behar izan zuen.

Partidari dagokienez, Ezkurdiak hasieratik ezarri zuen erritmoa eta 1 eta 6 aurreratu zen. Baina Retegi Bi lau t´erdian espezialista da eta gerturatzen jakin zuen, 7 eta 9 gerturatuz. Tarte horretan Ezkurdiak aldea ateratzea lortu zuen, sakeei eta Retegi Biren akatsei esker. Horrela 7 eta 14ko tartea ateratzea lortu zuen. Erasungoa saiatu zen, baina arbizuarrak presioari eusten jakin zuen eta garaipenerantz jo zuen zuzenean. Azkenean 11 eta 22 irabazi zuen arbizuarrak.

Orain Aimarren kontra
Lehen puntu horrek gainontzeko partidak konfiantza gehiagorekin hartzea ahalbideratuko dio arbizuarrari. Hala ere, hurrengo arerioa ez da latza. Larunbatean, Iruñeako Labriten, Oinatz Bengoetxea irabaztetik datorren Aimar Olaizolaren kontra aritu beharko du Ezkurdiak. Jokoan dagoen bigarren puntu hori oso garestia izango da, baina ezer ez da ezinezkoa eta bere lana ongi egiten badu, Goizuetakoa ederki estutu dezake.

Lau t´erdiko final laurdenetako 1. jardunaldiko emaitzak
Retegi Bi 11 / Ezkurdia 22
Olaizola II.a 22 / Bengoetxea VI.a 19
Irribarria 22 / Victor 14
Urrutikoetxea 22 / Altuna III.a 7

Lau t´erdiko final laurdenetako 2. jardunaldiko partidak
Ostiralean, 22:00etan, Donostian: Victor – Altuna III.a (ETB1, ntb)
Larunbatean, 17:45ean, Iruñean: Olaizola II.a / Ezkurdia
Larunbatean, 18:00etan, Bilbon: Irribarria / Urrutikoetxea
Igandean, 17:00etan, Eibarren: Bengoetxea VI.a-Retegi Bi (ETB1, ntb)