Orain Arbizun

Guaixe 2017ko mar. 24a, 14:31

Altsasuko Duatloia jokatu eta gero, bihar, larunbatean, 15:30ean, 153 duatleta daude izena emanda 21. Arbizuko Duatloian aritzeko. Goizeko 10:00etan V. Arbizuko Haur Duatloia egongo da jokoan, Nafar Kirol Jolasetarako baliagarria, eta 145 duatletek egin dute inskripzioa

Arbizuko 21. Duatloia jokatuko da bihar, larunbatean, 15:30ean, Arbizuko Udalak antolatuta. Proba antolatzeko Udalak Sakanako Triatloi Taldearen, Sakanako Mankomunitatearen, Nafarroako Triatloi Federazioaren, Arbizu Kirol Elkartearen, Aralar Txirrindularitza Taldearen eta hainbat enpresa eta komertzioren laguntza izan du, herritarren babesarekin batera. Proba Nafarroako Txapelketarako eta Euskal Herriko zirkuiturako baliagarria da. 


Goizean 145 neska-mutiko

Goizeko 10:00etatik aurrera V. Arbizuko Haur Duatloia jokatuko da, Nafar Kirol Jolasetarako baliagarria. Aurrebenjaminak (10:00etan, 240 m korrikan, 900 m bizikletan eta 125 m korrikan), benjaminak (10:20ean, 400 m korrikan, 1.800 m bizikletan eta 240 m korrikan), kimuak (10:55ean, 875 m korrikan, 3.910 m bizikletan eta 475 m korrikan) eta haurrak (11:25ean, 1.475 m korrikan, 7.700 m bizikletan eta 800 m korrikan) lehiatuko dira, 5-14 urte bitarteko neska-mutikoak, Arbizuko herri gunean prestatutako zirkuituan. 145 duatleta daude izena emanda. 



Arratsaldean nagusiak: betikoa, herrikoia edo erreleboka

Kadeteak, juniorrak eta eliteak arratsaldean, 15:30ean, lehiatuko dira. 153 duatleta daude izena emanda. Hiru aukera izango dituzte. Batetik, betiko ibilbidea izango da –8 km korrikan, 32 km bizikletan eta 4 km korrikan–. Ibilbidean ez dago aldaketarik, duatletek Arbizuko ibilbidea oso gustukoa dutelako. Ibilbide gogorra da. Lizarragako Katea igo behar da bitan, bizikletan, eta haizeak jotzen badu oso gogorra izaten da. Baina askorendako luze egin daitekeelakoan, proba herrikoia prestatu dute, ibilbide bera izango duena baina distantzia erdia –4 km korrikan, 16 km bizikletan eta 2 km korrikan–. Ibilbide hau kadeteek eta proba herrikoian parte hartu nahi dutenek osatuko dute, proba nagusia handi geratzen zaienei. Horretaz gain, Arbizuko duatloia erreleboka egiteko aukera ere egongo da, hau da, batek korrika eta besteak bizikletaz egiteko aukera. Bikoteak mistoak ere izan ahal dira. Bukatzeko, paraduatletek ere badute proban parte hartzeko aukera –4 km-16 km- 2 km–.
Emakumezkoak 15:30ean abiatuko dira, gizonezkoak 15:35ean eta kadete, paratriatleta eta proba herrikoian parte hartuko dutenak 15:45ean. 



No drafting
Txirrindula proban duatletek ezingo dute aurreko edo ondokoaren gurpilari lotuta joan. Hau da, ezin da draftinga egin edo besteek egindako lanaz aprobetxatu. Aurrean doan txirrindularia 7-10 metrora izan beharko dute parte-hartzaileek, eta alboan dutena gutxienez metro batera. Distantziak betetzen ez dituztenek 2 minutuko zigorra jasoko dute. Boxak Kale Nagusian egonen dira. 



Arbizuko Duatloian 153 duatleta daude izena emanda eta goizeko saioan, Nafar Kirol Jolasetan, 145. Nolanahi ere, eguraldiak eragina izango du. Iragarpenak prezipitazio arinak iragartzen ditu, baina hala ere, lasterketa polita eta lehiatua espero da. 



Sariak

Proba bukatuta sari banaketa eginen da Arbizuko plazan. Lehenengo gizonak eta emakumeak 100 euro, txapela eta garaikurra jasoko dituzte, bigarrenek 75 euro eta garaikurra eta hirugarrenek 50 euro eta garaikurra. Horretaz gain, erreleboetako eta paratrialetetako lehenek Arbizuko produktuen loteak jasoko dituzte Arbizu, Laket eta Floresen eskutik. Aipatzekoa da partaide guztiek txistorra jasoko dutela dortsala bueltatzerakoan. Horretaz aparte, parte-hartzaile guztien artean egonaldiak zozketatuko dira Arbizuko eko kanpinean eta Olatzea Hotelean. Bukatzeko, auzatea izanen da Aldabide elkartean.

Antolakuntzak Arbizura gerturatzen direnei Lakuntzatik edo Etxarritik sartzeko deia egin diete, duatloia dela eta Arbizuko herri gunea itxita egongo delako. Halaber, segurtasuna bermatzeko bidegurutzeetan egongo diren boluntarioei kasu egiteko eskatu dute. Ildo honetan, antolakuntza lanean pertsona ugari ariko dira eta antolatzaileak oso eskertuta daude.