Urez pasatutako 4x4 topaketa

Guaixe 2017ko api. 3a, 09:52

40 ibilgailuk hartu zuten parte Sakana 4x4 Topaketan baina igandeko tartea bertan behera utzi behar izan zuten, botatako urarengatik arriskutsu bilakatu baitzen proba

Asteburu osoko egitaraua zuen Sakana 4x4 Topaketak, baina, azkenean, soilik larunbateko proba burutu ahal izan zen. “Asteburu guztian botatakoarekin oso arriskutsuak jarri ziren Arbizuko industrialdean prestatu genituen 7 eremuak. Aldapak oso handiak ziren, eta horrenbesteko ura bota zuen… oso arriskutsu zegoen eta, ezer gertatu baino lehen, batzutan hobeto izaten da prebenitzea” adierazi digu Sakana 4x4-ko Jose Luis Lakuntzak. Horregatik, igandeko proba bertan behera gelditu zen, eta larunbatean egindako lanarekin banatu ziren sariak.  

Azkenean aurreikusitako baino todoterreno gehiago lehiatu ziren Arbizun, 40 osora. Euri jasekin izugarri zaildu zitzaien berez konplikatua zuten ibilbidea. Izan ere, antolakuntzak zulo, putzu, lohi, igoera, jaitsiera, eskaloiak, zubiak eta malda ikusgarriak zituzten 7 eremu prestatu zituen. Larunbatean norabide batetik bestera gainditu behar ziren aipatu eremuak, eta igandean, aldiz, kontrako eremuan. Aipatu dugunez, igandekoa bertan behera gelditu zen.

Irabazleak
Larunbateko denborak kontuan hartuz, proto mailan Juan Barullos gernikarrak irabazi zuen, Sos del Rey Catolicoko Luis Navesoren eta Segurako Andoni Zubeldiaren aurretik. Serieko todoterrenoen mailan Iñaki Tolosa gailendu zen, Sos del Rey Catolicoko Iñaki Sueskunen eta Iñaki Alustizaren aurretik. Emakumezkoen saria Bego C. Perkaz sakandarrak lortu zuen eta kopilotuen Jorge Romero sari berezia Oscar durangarrak jaso zuen.

Eguraldiak ere eragina izan zuen ikusleengan. Zale asko bildu ziren Arbizuko industrialdean, baina beste urteetan baino gutxiago. “Urez pasatutako asteburua izan dugu eta nabaritu da” gaineratu du Lakuntzak.

Antolakuntzak lan handia egin behar izan zuen proba antolatu, sarrerak kobratzeko eta guztia garbitzeko. “Zegoen lana eta panorama ikusita Sakanako pilotuak, Begok izan ezik, ezin izan zuten lehiatu, antolakuntzan nahikoa lan izan genuelako” aipatu du Lakuntzak. Zale batzuen portaera ere deitoratu du antolakuntzak, 2 euroko sarrera ez ordaintzeagatik ibilbidea mugatzen duten hesiak ere ondoko soroetara mugitu baitzituzten batzuk. Eta zaborra edukiontzietan utzi beharrean ibilbide osoan barna botata utzi zuenik ere egon zen. “Portaera eta edukazio kontua da, baina amorrazioa ematen duena. Igandean goizeko hamaiketatik gaueko hamarrak arte egon ginen garbitzen” aipatu dute.