Osasun arazoak dituen Arbizuko familia bat laguntzeko antolatu zen, igandean, Arbizuko Zumbathon solidarioa. Herritar talde bati bururatu zitzaion ideia, Arbizuko Zumba taldeari. Eta aurreko astean Karmele Marañon alkatearen babesarekin aurkeztu zuten ekimena talde horretako Kepa Lodik, Karmen Jakak, Maribel Luisek, Xabier Zabalzak, Nahia Urkiak eta Lorena Alonsok.
Zumbathon Solidarioan jasotakoa esklerosi anitza gaixoasuna duen Virginia Saez arbizuarrari bideratuko zaio. 40 urterekin, lau seme-alaben ama da Saez, eta bere senarraren laguntza izan du orain artean gaixotasunari aurre egiteko. Baina senarrari bihotzeko gaixotasun bat atzeman diote eta, besteak beste, ezin du aparteko esfortzurik egin. Horrela, familia honi arazoak biderkatu zaizkio. Arbizuko ekitaldiarekin babesa eta arnasa eman nahi izan zaie.
Zumbathona “oso arrakastatsua” izan dela aipatu digu Kepa Lodi antolatzaileetako batek. “Jende asko hurbildu zen Arbizuko kiroldegira, bai parte hartzera eta baita ikustera. 500 sarrera saldu genituen eta parte hartzaileak 300dik gora izan ziren, emakumezkoak gehienak” gaineratu du. Arbizun, Iruñean eta Agurainen klasea ematen duten Ainhoa, Leire eta Itziar monitoreen aginduetara zumba eginez gustura ibili ziren Arbizun bildutakoak. Eta guztien artean opari zoragarriak zozketatu ziren: Erreala, Osasuna eta Baskonia taldeen ekipazioa, Movistar Team taldearen maillota, Joseba Ezkurdiak utzitako kamiseta, Ezkurdiak berak zozketatu zuena, Julian Iantzik utziako El Conquistador del Fin del Mundoko kamiseta, Hesian taldeko kamiseta eta 2 DC, Vendetta taldearen kamiseta eta CD-a, Eroskik prestatutako bi saski, Lacturale esnea… eta hamaika sari.
Virginia Saezek berak adi-adi jarraitu zuen Arbizuko Zumbathoi Solidarioa, senitartekoez lagunduta. Asko hunkitu zen eta jendearen erantzuna biziki eskertu zuen. Ez omen zuten horrenbeste jende espero eta “hurbildutakoen eta herritarren gertutasuna hurbil sentitzen zutela” nabarmendu zituen.
Herriari eta udalari eskerrak
Sarrerekin jasotakoaz gain, kamisetak ere saldu zituzten, 10 eurotan eta oso ongi joan zen salmenta. Herritarrez gain, herriko enpresen inplikazioa ere eskertu zuten antolatzaileek. “Arbizuarren babesa eta elkarlana eta udaletxearen laguntza ere eskertu nahiko genituzke. Antolakuntza ere bikaina izan da. Eta aipatu nahi dugu ere hau ez dela bukatu. Aurrerago beste jaialdi batzuk antolatu nahi ditugu” nabarmendu du Kepa Lodik.