Padela

Sahararen aldeko palakadak

Guaixe 2024ko urt. 29a, 11:30

Sakana Padelen antolatutako Sahararen aldeko padel txapelketa solidarioarekin “oso pozik” daude antolatzaileak

Arbizuko Utzubar industrialdean dagoen Sakana Padelek Sahara aske baten aldeko padel txapelketa solidarioa hartu zuen ilbeltzaren 21ean. Sakana Padelek Attsf eta VG Gobernuz Kanpoko Erakundeekin antolatu zuen ekimena. “Sahararen egora oso larria da, ni neu Attsf (Mugarik Gabeko Langile eta Teknikarien Elkarte) Gobernuz Kanpoko Erakundeko kide naiz, eta egoeraren aurrean zerbait antolatzea erabaki genuen. Azkenean, padel txapelketa solidarioa antolatzearen ideia sortu zitzaigun” azaldu du Sakana Padeleko bazkideetako batek, Joseba Alzuetak. 

Sahararen aldeko padel txapelketa solidarioan denetariko ekitaldiak izan ziren. Padel Txapelketa bera jokatzen zen bitartean, harrera bikaina izan zuena, mokaduren bat hartu eta tea dastatzeko aukera zegoen, artista batek Saharari buruzko graffiti ederra margotzen zuen bitartean. Zozketak eta beste izan ziren. 

“Oso pozik gaude; Sahararen aldeko ikusgarritasun hori lortzea zen nahi genuena, eta diru bilketa egin” gaineratu du Alzuetak. Txapeldunak Xabier Mauleon eta Koldo Barandalla izan ziren, eta kontsolazioko txapeldunak Imanol Etxarri eta Aitor Zubiria.