Ganboa eta Askapena absolbituak

Guaixe 2016ko ots. 4a, 15:35
Askapenako kide izateagatik auzipetutako bostak.

Espainiako Auzitegi Nazionalak Aritz Ganboa De Migel eta Askapenako beste lau kide absolbitu ditu. Horretaz aparte, erakunde internazionalista eta haren menpeko erakundeak ez ditu legez kanpo utziko. “ETAren nazioarteko frontea” izatea leporatuta epaitu zituzten udazkenean, baina epaileek ez dute Askapenaren eta ETAren arteko “inolako harreman zuzenik” aurkitu. Halako loturarik ez dagoenez, ondorioztatu dute Askapenako “zuzendari” izateak ez dakarrela inolako deliturik. Auzipetuek seina urteko espetxe zigorrari, 7.200 euroko isunari eta 14 urteko inhabilitazioari ixkin egin diote.

Bost auzipetuek Babesgunean jaso zuten absoluzioaren albistea. Iruñeko Kaldereria kaleko Kalekalde elkartean kokatuta, bostak han eperik gabe egoteko asmoa zuten, bitartean prozesuaren nondik norakoak azaltzeko. Duela bost urte eta erdi hasitako “injustiziaren” bukaerarekin poza azaldu zuten bostek, gertukoek eta Babesgunera iritsi ziren denak.

Askapenatik adierazi dutenez, “absoluzio sententzia garaipen bat da, dudarik gabe, eta bereziki, garaipen politiko bat da.  Bai Euskal Herriko eta baita lagun ditugun beste herrietako pertsona eta antolakundeen garaipena da, estatu espainiarra bere politika errepresiboan mantentzearen aurkako bidean herri borrokaren aldeko apustua egin dugunona”. Aldi berean, Askapenak “esker ona” adierazi die “eskubide zibil eta politikoen defentsan, zein guk defendatu eta garatzen dugun proiektu internazionalistan haien elkartasun eta konpromiso militantea adierazi diguten kide, antolakunde eta instituzio guztiei”.

Auzipetuek azken bost urteetan “sufritutako kalteak” (atxiloketa, espetxea, dispertsioa, baldintzapeko askatasuna, ondasunen blokeoa, hipotekak, pasaporteak kentzea eta kontrol judiziala) absoluzioak ez dituela ordaintzen salatu dute. Bostek salatu dutenez, “oinarrizko eskubide zibil eta politikoen urratzeak, zein espainiar botere publiko eta faktikoek abiatutako kriminalizazio politiko-mediatikoak drastikoki baldintzatu dute gure eguneroko bizitza pertsonal zein militantea eta ez gaude prest eskubideen urratze hauek guztiak oharkabean pasa eta ahanzturara pasa daitezen”. Euren militantzia internazionalistan ez dutela etsiko adierazi dute bostek.


Kronologia laburra
2010-09-28 Aritz Ganboa De Miguel eta beste 6 pertsona atxilotu zituzten.
2010-12-22 Navalcarneroko espetxea 60.000 euroko bermea pagatu ondoren utzi zuen.
2011-09-28 Askapenak Internazionalismoa ez da delitua kanpaina abiarazi zuen.
2015-05-16 Askapenaren kontrako auziari erantzuna emateko Sakanako internazionalisten batzarra.
2015-10-02 Askapena beharrean Espainiar estatuaren kontrako herri epaiketa izan zen.
2015-10-19 Askapenako bosten kontrako epaiketa hasi zen.
2015-11-02 Epaiketa bukatu zen.
2016-01-22 Askapenak bostak Nafarroako Parlamentuan izan ziren.
2016-01-30 Epaiaren zain zeuden auzipetuak Iruñeko Babesgunea aurkeztu zuten.
2016-02-03 Absoluzio epaia.